Hamabigarren deialdiak lokal hutsak berreskuratzea, belaunaldi-erreleboa erraztea eta ekintzailetza sustatzea ditu helburu
Ordiziako Udalak martxan jarri du Ordizia Zabalik laguntza-programaren hamabigarren deialdia, herriko merkataritza eta ekonomia sustatzen jarraitzeko. Horretarako, 42.000 euroko aurrekontua bideratuko du 2026an, lokal hutsak berreskuratu, belaunaldi-erreleboa erraztu eta ekintzailetza sustatzeko.
Prentsaurrekoan izan den Maitane Alvarez alkateordeak azaldu duenez, “belaunaldien arteko erreleboa, negozio berritzaileak eta ekintzaileei orokorrean zuzendutako laguntza programa da. Programa honen helburua merkataritza lokal hutsak berreskuratzea da, pertsona ekintzaileen bidez, eta baita merkataritza txikian belaunaldien arteko errelebuari erantzuna ematea ere. Pozgarria da ikustea herrian urtez urte ekintzaile berriak ditugula”.
Ordizia Zabalik programa PERCO Ordiziako Merkataritza Eraberritzeko Plan Bereziaren baitan sortu zen, herriko merkataritza-sarea indartzeko eta erabilerarik gabeko lokal komertzialak berriz aktibatzeko helburuarekin. Urtez urte egindako apustuari esker, programa erreferente bihurtu da herrian, eta aurten hamargarren deialdira iritsi da.
Azken urteetan, 70 ekintzaile baino gehiago batu dira laguntza-programara, eta sustatutako proiektuen jarraipen-tasa %75ekoa izan da. Aurtengo deialdian, aurreko urteetan laguntza jaso duten hainbat establezimenduk programan parte hartzen jarraituko dute: Serendipity Moda, TK Pilates, Garage Project, MAE Estetika, Goxo-Goxo Kafetegia, IMZ Moda eta Kiska Taberna. Horiez gain, aurten 15 establezimendu inguruk programa berrian parte hartzea aurreikusten da.
Alokairurako eta erosketarako laguntzak
Dirulaguntzek merkataritza-lokalen alokairua edo erosketa erraztu nahi dute. Alokairuaren kasuan, Udalak hileko kostuaren %40 finantzatuko du, gehienez 300 euro hilean, eta laguntza hori gehienez bi urtez jaso ahal izango da, 2026ko urtarriletik aurrerako atzeraeraginezko izaerarekin.
Lokala erostea erabakitzen duten ekintzaileek, berriz, katastro-balioaren %4ko laguntza jaso ahal izango dute, gehienez 3.000 euro arte.
Merkataritza-sare sendo baten alde
Alvarezek nabarmendu duenez, “Ordiziako merkataritza-dentsitatea azpimarratzekoa da. 10.000 biztanletik gorako herri batean 200 establezimendu inguru ditugu, eta Udalaren helburua da lehiakortasuna indartzen jarraitzea eta udalerriko merkataritza-sektorea osatzen duten saltokien, zerbitzu-enpresen eta ostalaritza-establezimenduen jarraipena bermatzea”.
Hala ere, Udalak gogorarazi du tokiko merkataritzaren etorkizuna ez dagoela soilik ekintzaileen eta administrazioaren esku. Herritarren kontsumo-ohiturek ere berebiziko garrantzia dute. Horregatik, herritarrei dei egin die herriko saltoki eta zerbitzuetan kontsumitzen jarraitzeko, tokiko ekonomia indartzeko eta herri bizia mantentzeko ezinbesteko urratsa baita.
Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta ekainaren 30ean amaituko da.