2026ko Santa Ana jaietako txupinazo nagusia Azari Elkarteak, Txindoki Atletismo Taldeak eta Boxing Elkarteak botako dute, urtean zehar ospatzen ari diren urteurrenen aitortza gisa. Hala ere, iaz martxan jarritako ekimenari jarraituz, herritarrek ere aukeratu ahal izango dute txupinazoa beste zein pertsona edo elkartek botako duen haiekin batera. Urtero urteurrena ospatzen duen elkarte edo erakundeari aitortza egiteko ohiturari eutsiko zaio, baina, aldi berean, herritarrei ere aukera eman nahi zaie herriarentzat esanguratsua izan den pertsona edo talde bat proposatzeko.
“Herriari egindako ekarpenak hartuko dira kontuan, baita herrigintza arloan izandako merituak, bizikidetza sustatzeko egindako lana edota euskal kulturaren alde erakutsitako konpromisoa ere”, azaldu du Manex Berzosa Kultura zinegotziak.
Proposamenak gaurtik ekainaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira, ondorengo bideetatik:
Proposamenean hautagaiaren izena eta proposamenaren arrazoia adierazi beharko dira. Hautagaiak pertsonak zein elkarteak izan daitezke.
Jasotako proposamenen artean, Udalak lau finalista aukeratuko ditu, eta horien berri ekainaren 25an emango du. Ondoren, bozketa herrikoia irekiko da finalisten artean txupinazoa botako duen pertsona edo taldea aukeratzeko. Bozkak bide berberetatik eman ahal izango dira, eta pertsona bakoitzak bozka bakarra eman ahal izango du.
Uztailaren lehen hamabostaldian emango da ezagutzera nortzuk izango diren Azari Elkartearekin, Txindoki Atletismo Taldearekin eta Boxing Elkartearekin batera 2026ko Santa Ana jaietako txupinazoaren protagonistak.