Image
Image
Udaletxeko areto nagusia indarkeriarik eta sexismoarik gabeko gune izendatu du Ordiziako Udalak

Ordiziako Udalak beste urrats bat egin du berdintasunaren eta emakumeek espazio publiko zein instituzionaletan duten parte-hartze aske eta segurua sustatzeko bidean. Horren erakusgarri, Udaletxeko areto nagusiko sarreran plaka bat jarri da, espazio hori zerbitzu publikoan eta politikan indarkeriarik eta sexismorik gabeko gune dela adierazteko.

Ekimen hau azken hilabeteetan tokiko politikan emakumeenganako indarkeria eta jarrera sexistei aurre egiteko egindako lanketaren baitan kokatzen da. Ildo horretan, joan den maiatzean Basqueskolaren topaketa egin zen Ordizian, udal gobernuan eta udal korporazioan parte hartzen duten emakume hautetsiekin. Saio hartan emakumeek jardun politikoan bizi dituzten errealitateak, zailtasunak eta askotan normalizatuta dauden jokabide sexistak izan zituzten hizpide, baita horiei aurre egiteko tresnak eta estrategiak ere.

Plaka honen bidez, Ordiziako Udalak berretsi egin nahi du erakunde publikoek erantzukizun aktiboa dutela emakumeek politika instituzionalean eta zerbitzu publikoan parte hartzeko baldintza berdinak bermatzeko, eta indarkeria zein jarrera sexistak identifikatu eta horien aurrean tolerantzia eza adierazteko.

Ekimenak balio sinboliko nabarmena du, baina baita konpromiso praktikoa ere. Izan ere, Areto Nagusia udal jarduera politikoaren eta instituzionalaren gune nagusietako bat da, eta bertan egiten dira udal osoko bilkurak, batzordeak, aurkezpen publikoak eta herritarrekin egindako topaketak.

Ordiziako Udalak lanean jarraituko du berdintasuna sustatzeko, emakumeen ahalduntzea indartzeko eta espazio publiko zein instituzionalak indarkeria matxistarik eta sexismoarik gabeko gune izan daitezen.

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza