Image
Image

Ordiziako Udalak honako erakunde adierazpena adostu du maiatzaren 17a, Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta:

1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Gertaera hori mugarri historikotzat jo dezakegu orain, eta urrats garrantzitsua da sexu-orientazioa eta -identitatea gure gizartean ematen den aniztasunaren parte bat dela onartzen hasteko. Duela hamarkada bat baino gehiagotik, beraz, maiatzaren 17a da LGTBIQ+ pertsonen kontra zuzendutako gorroto eta indarkeria mota guztien aurkako Nazioarteko Eguna.

1990 urtetik eta gaur arte aurrerapauso ugari eman dira legeen bidez herritar guztien berdintasuna bermatzeko, norbanako bakoitzaren sexu-orientazioa edo generoa edozein direla ere, eta gure lurraldean lege garrantzitsuak egin eta onartu dira herritar guztien eskubideak berdinak izan daitezen bermatzeko eta LGTBIQ+ pertsonak gainerako guztiekin parekatzeko. Gizarteak ere egin du aurrera zentzu honetan, eta gaur esan genezake gero eta espazio sozial gehiago ditugula non pertsona bakoitzak gure sexualitatea eta generoa bizitzeko aukera askatasun osoz bizi eta adieraz ditzakegun.

Lege-aldaketak eta aurrerapauso sozialak ugari izan diren arren, LGTBIQ+ pertsona asko eta asko dira oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietenak. Euskal gizarteari bide luzea geratzen zaio oraindik egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko. Gure zoritxarrerako, aurreiritziek, uste ustelek, estereotipoek, gaitzespenak eta gorrotoak bizirik diraute oraindik hainbat sektore sozialetan.

LGTBIQ+ pertsona asko dira oraindik ikusezintasunaren mende bizi direnak, beren sexu- edo genero-identitatea ezkutatu beharra ikusten dutelarik (batez ere lesbianak, transexualak, adinekoak edo desgaituak badira), eta gure herrietako espazio publikoetan ematen ari den eraso fisikoen gorakadak agerian uzten du oraindik ez garela iritsi sexu-edo genero-aniztasuna berdintasun egoeran eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko askatasun-egoerara.

Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren kontrako borroka da pertsona guztientzat berdintasun printzipioa, duintasuna eta Giza Eskubideak defendatzea. Aniztasuna da gure aberastasunik handienetako bat, eta LGTBIQ+ pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeriaren kontra egingo den ahalegin bakoitza aurrerapauso bat da, gero eta gizarte inklusiboagoa eraikitzeko, jarrera baztertzaileak baztertuko dituen gizartea, bidezkoagoa, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta eraikiko dena.

Orain arte egin duen bezala, Ordiziako Udalak ekinean jarraituko du pertsona guztien eskubideak defendatzeko, eta sustatuko dituen politika publikoetan bilatuko du pertsonak babestea eta diskriminazioaren kontrako neurriak abian jartzea. Gizartearen aniztasuna gure indarra da, bai eta defendatu eta babestu behar dugun balorea ere.

Horregatik guztiagatik Ordiziako Udalean konpromisoa hartzen dugu, egin genuen gure herriko LGBTIQ+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa garatu, eta bertan ezarritako bi lan ildo garatzeko. Alde batetik, diagnostikoan oinarritutako ekintza plan integralak abiatzeko. Bestetik, gure herriko LGBTIQ+ komunitatearen memoria historikoa berreskuratzeko eta jasotzeko ikerketa abiatzea.  Prozesu hauek, herriko LGBTIQ+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu eta erreferente nahiz norbanako ezberdinak aktibatzeko moduak sustatuko ditugu.

Bukatzeko, ordiziarrak gonbidatu nahi ditugu LGTBIQ+ mugimenduak LGTBIQ+ pertsonen kontra zuzendutako gorroto eta indarkeria mota guztien aurkako Nazioarteko Eguna den maiatzaren 17aren egun honen testuinguruan burututako deialdietan modu aktiboan parte hartzera.

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza