Elkarlanerako urratsak, Gainditzen elkartearekin
Ordiziako Udaleko ordezkariak eta Gainditzen, Tolosaldea eta Goierriko pertsona Gorren elkarteko kideak, Ordizian izan dira elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak azaltzeko. Hain zuzen, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea; Alberto Etxeberria, Gainditzen elkarteko idazkaria; Mila Sukia, Ordizia Oraineko zinegotzia, eta Julian Rodriguez, Gainditzen elkarteko zuzendaria izan dira bertan.
“Ordiziako Udalaren lehentasuna da herritarren ongizatea bermatzea, eta horiek hobetzeko urratsak ematea. Bide horretan, Gainditzen elkarteko kideekin harremanetan gaude, eta elkarlanean egongo gara aurrerantzean ere, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak ordiziarren eskura jarriz”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Horregatik, hizatrmen bat egingo da eta Udalaren baliabideak elkartearen eskura jarriko dira beraien zerbitzua Ordizian eskaini dezaten.
Julian Rodriguez, Gainditzen elkarteko presidentea: “entzumena galtzen duzunean oso gogorra da, baina ez sufritu bakardadean, eta jo guregana, elkartera. Egoera berrira egokitzeko informazioa eskainiko zaizue”.
Gainditzen elkarteak hainbat lan lerro ditu. Batetik, gizarte-arreta: pertsona gorrei, gor-itsuei edo entzumen-galera dutenei eta haien senideei arreta, prestakuntza eta orientazioa emateaz arduratzen dira, batez ere, egoera ahulean daudenei, hala nola atzerritarrei eta emakumeei.
Komunikazio bitartekotzako zerbitzua ere eskaintzen du: eguneroko jardueretan laguntzea, erabiltzaileak erabiltzen duen komunikazio-sistema erabiliz, besteak beste, ahozko hizkuntza, zeinu-mintzaira eta piktogramak.
Hirugarren lan ildoa laguntza teknikoei buruzko informazioaren ingurukoa da: pertsona gorrei, gor-mutuei eta entzumena galtzen dutenei zuzendutako laguntza tekniko eta sozialei buruzko informazioa eta aholkuak ematen dituzte (txirrin argitsuak, etxerako argi-egokitzapena, gizarte-zerbitzuak, audiometriak...).
Sentsibilizazioak ere badu garrantzia. Horregatik, kultur jarduerak egiten dituzte, hala nola, Pertsona Gorren Nazioarteko Eguna.
Udala eta Gainditzenen arteko lehen hartu-emana izan da hau eta etorkizunean elkarrekin urratsak ematen jarraituko dute.