Gaztaren VI. Biltzarra, ostiralean
Ostiral honetan, urriak 1, Gaztaren VI. Biltzarra ospatuko da Barrena Jauregian.
Programa:
Hona hemen, jarraian, biltzarrean parte hartuko duten hizlariak eta landuko diren gaiak:
EGITARAUA
09:00 – Biltzarraren inaugurazioa agintarien aldetik.
MENDIKO GAZTAK / TRANSHUMANTZIA
09:15 - 10:00. Javier Gonzalez Nuñez jaunaren hitzaldia: “Mantxako ardia eta artzaintza”. Gonzalez jauna SAT Rodanoble familia-ustiapenaren jabeetako bat da —1968an sortu zuen enpresa—, artzain-familia bateko hirugarren belaunaldikoa. Bere azienda Mantxako Ardia AGB eta Mantxako Gazta JI izendapenetan dago. Gonzalez jauna nekazaritzako ingeniari teknikoa da, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan espezializatuta dago (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa) eta, 19988an, bere anaiekin batera, sektorean erakusbide eta erreferente izatera iritsi den abeltzaintzako abentura batean sartu zen eta, gaur egun, gaztagintzako Hautespen Eskeman gogotsu parte hartzen du. Rodanoble ustiategia AGRAMA elkarteko Mantxako ardia da. Gonzalez jaunaren ustiategiak ardi-mota horrekin zerikusia duten hainbat proiektutan parte hartu du; organismo hauetan, besteak beste: CERSYRA, CIHEAM, E.T.S.I., Gaztela Mantxako Unibertsitateko Agronomoak eta REPROVI. Hitzaldian, Mantxako ardiaren jatorria eta ibilbidea azalduko ditu labur-labur; ardiari ezin hobeto datozkion ingurune klimatikoa, geografikoa eta orografikoa deskribatuko ditu.
Hizpide izango ditu, baita ere, baldintza sozialek eta ekonomikoek ez ezik nekazaritza-politikek ere Mantxan gehien hedatuta dauden ekoizpen-sistemetan nola eragin duten eta ekoizpen-sistemak zer-nolako ondorioak jasan dituzten, kontuan izanik ekoizpen-sistema horietan, estentsiboetan nahiz erdiestentsiboetan, artzaintza ingurumen-filosofia bat dela ekoizpen jasangarri baterako. Era berean, gizarteak abeltzaintzari buruz duen pertzepzioaz eta ekoizpen-produktu jasangarrien inguruan dagoen gero eta eskari handiagoaz ere hitz egingo du; hor artzaintzak duen garrantzia handia da eta horretaz ere ariko da.
ARTZAIN GAZTA
10:15 - 10:45. GAZTA FINKETA. Jose Luis Martín jaunaren hitzaldia. Errespetu oso handia zaio Martin jaunar gaztaren sektorean eta Kofradiaren omenaldia jaso zuen 2007an, Gazta Berriaren Mozketa ekitaldian.
Martín fintzailea da hizlariak diseinatutako proiektuaren izena. Proiektua kontzeptu berritzaile baten arabera diseinatua dago, gaztaren eta bezeroen arretaren zerbitzuari dagokienez, eta 25 urte baino gehiagoko esperientzian dago oinarrituta. Denbora horretan guztian, trebakuntza ematen aritu da mundu osoan, gaztandegi asko bisitatu ditu, hainbat eta hainbat aholkularitza-lan egin ditu inguruko gazta-denda enblematikoenetako batzuk nola diseinatu eta martxan jarri erakusten. Ekoizleak pertsonalki ezagutzeaz gain haien aholkulari ere bada produktuak ekoizterakoan eta, horri esker, sorta jakin batzuk aukera ditzakete produktuen heltze-faseetan, finketa burutzeko eta, hala, pieza bakoitza produktu bakarra eta desberdina bihurtzeko. 2018ko ekainaren amaieran, enpresak gune berri bat ireki zuen Madrilen, Doctor Castelo kaleko 34. zenbakian, hiriburuko eskaintza gastronomiko hoberenetakoarekin. Gazta fintzeko bi soto ditu eta, soto horietan, gazta kontsumitzeko puntu-puntuan egon arte edukitzen dute. Gazta espainiarrekin bakarrik egiten dute lan, batik bat sasoiko esne gordinez eginikoekin, eta kopuru mugatuekin. Ekoizleen artean, abeltzainak daude batez ere; baina, ezer baino lehen, lagunak. Eskaintza zabala dute urtean zehar, 200 artisau-gazta baino gehiago; gazta sortak pertsonalki aukeratzen dituzte ondo definitutako kriterio organoleptikoen arabera. Gaztaren inguruko beste hainbat zerbitzu eta elementu osagarri ere eskaintzen dituzte, hala nola ikastaro eta tailer espezifikoak eta ekitaldiak eta aholkularitza-lanak dendak eta gaztak fintzeko sotoak diseinatzeko. Gazta- finketa eragiketa konplexua da. Denbora eta zentzumenak ondo erabiltzen jakin behar da, batez ere dastamena; dena den, zentzumen guztiak dira oso garrantzitsuak, produktuak ezagutzeko eta baloratzeko. Hitzaldian, hiru kontzeptu hauek landuko ditu: 1.- Finketa, 2.- Fintzailea. 3.- Fintzeko sotoak. 4.- Familiak. 5.- Azalak. 6.- Komertzializazioa. Desafioak eta joera berriak.
10:45 - 11:15. Etenaldia (hamaiketakoa Txindoki tabernan)
11:15 - 12:15. Komertzializazioa. Hitzaldia: Kontsumitzailearengana iritsi, eta gustura utzi. Gotzon Elizburu Osa jauna. (Soraluze, 1957). Kofradiaren omenaldia jaso zuen 2015ean, Gazta Berriaren Mozketa ekitaldian, Eroski Taldearen izenean. Gaur egun, erretiratua dago. Lan-jarduera Eroskin gauzatu du, Erosketen eta Ekoizle eta Banatzaileekiko Aliantza Estrategikoen zuzendari izan da, eta bere eginkizunetako bat gaztak erostea izan da. Euskadiko Elikaduraren Clusterreko eta AECOCeko Batzorde Komertzialeko eta Marketineko kide ere bada. Hitzaldian, gaztagileen helburuari buruz hitz egingo du, hau da, merkatuarentzat (kontsumitzaileentzat) gaztagileak beharrezkoak direla azalduko du eta dendak banatzaile bakoitzaren estrategiaren arabera nola posizionatu behar duten esplikatuko du. Kontuan izan behar da kontsumitzaileei hainbat kanalen bidez atenditzen zaiela eta, gainera, haien portaera aldatu egiten dela kanpoko faktoreen nahiz faktore pertsonalen arabera; kanpoko faktoreen artean, COVIDa egon daiteke, esaterako, eta faktore pertsonalen artean, berriz, egoera ekonomikoa, zenbateraino sustraituta dagoen, osasuna, kanalak... Gainera, azpimarratuko du behar adinako posizionamendu, desberdintze (edo berezitasun) eta nabaritasun mailak definituta edukitzean duen garrantzia.
12:15 - 13:45. Mahai-ingurua. Moderatzailea: Felix Ajuria jauna, artzaina eta Idiazabal Gazta JI-ko presidentea, eta Jakoba Errekondo jauna, paisajista, agronomoa eta idazlea, hainbat irrati-saiotako eta Argia aldizkariko kolaboratzailea naturaren eta lehen sektorearen inguruko gaietan. Gai hauek landuko dira:
1. Mendiko artzaintza desagertzeko arriskua Euskadiko eremu enblematikoetan. Artzainen esanetan, eremu horietan gaur egun lehenesten diren aktibitateak direla eta, artzaintza bigarren mailako, garrantzirik gabeko jarduera bihurtuta dago.
2. Gizarteak arlo guztietan dituen gero eta exijentzia-maila handiagoek artzainen bizitzan duten eragina. Izan ere, artzainek susmoa ere badute beren bizi-baldintzak denborarekin okertzen ari ez ote diren.
Bi gaiak landuko dira artzainek Biltzarraren V. edizioan aztertzea eskatu zutelako.
3. Aurreko urteetan bezala, mahai-inguru honetan bertan definituko dira Biltzarraren 2022ko VII. Edizioan landuko diren gaiak.
13:45. Amaitutzat emango da Biltzarra.
OHARRA:
- - Euskara-gaztelania aldi bereko itzulpen-zerbitzua egongo da.
- - MiSoluzion-ek sarean transmitituko du biltzarra, lotura honen bidez: quesoidiazabal.org/6congreso.