Badatoz Santa Ana jaiak!

EGITARAUA 2022

Hasi da Santa Ana jaiei hasiera emateko atzera kontaketa. “Hiru urte itxaron behar izan ditugu, baina hemen datoz azkenean gure herriko festak”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Uztailaren 24an botako da txupinazoa Udaletxeko balkoitik. Aurtengo urtean, Mendizale elkarteak, pelotazale eta saskibaloi taldeek emango diote hasiera festari. “Iazko urtean bete zuten urteurrena hiru elkarteek: 75 eta 50na, hurrenez hurren. Lan handia egin dute urte guzti hauetan eta gure esker ona adierazi nahi diegu”. Hala, eguerdiko 12:00etan, kanpaiak jotzearekin batera lehertuko da festa Ordizian. Horrez gain, festak euskaraz bizitzeko deia egin du alkateak: “bizi gaitetzen euskaraz eta festetan ere eman diezaiogun euskarari dagokion lekua”.

Santanazaleak, berdintasunean

Aurtengo Santanazaleetan ere berrikuntzak izango dira. 1509 urtetik Ordizian tradizioa da urte horretan ezkondutako bikoteak dantza egitea uztailaren 27an. Soka-dantza bikoteka antolatuko da, baina hemen dator berrikuntza: “bikote arteko rolen banaketa ez da generoaren baitan egingo. Bikotean bietako bakarra baldin bada ordiziarra, hark izango du plazan dantza egiteko aukera, eta ez gizonezkoak automatikoki. Biak ordiziarrak diren kasuetan eurek erabakiko dute, edo biei aplikatuko zaizkie plazan dantza egiteko baldintzak. Rolak aukeratu egingo dira, baina emakumeak ez dira balkoian geratzera behartuak izango. Soka-dantzako gainerako rolak ere, aurresku, atzesku, maiordomoak etab. genero bereizketarik gabe aukeratuko dira”, aurreratu du Ezenarrok.

Ordiziar berriei zapia

2019ko jaietako berrikuntzak jarraipena izango dute aurtengo festetan. Hain zuzen ere, 2021ean jaiotako haurrei ongietorria emateko ekitaldia egingo zaie eta bertan jarriko zaie festetako zapi urdina txikienei: “pandemiak eraginda 2020an ezin izan zen zapia banatu, baina iaz ere egin genuen ekitaldi bat da. Aurten, Plazan elkartuko gara guztiok ordiziar berriei ongietorria emateko asmoarekin”, zehaztu du Ezenarrok. Uztailaren 16an izango da, 10:00etan.

Horrez gain, uztailaren 24ko danborrada Udaletxeko balkoitik ikusteko aukera ere eskainiko zaie ordiziarrei. Izena eman beharko dute Arreta Bulegoan edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbididean, uztailaren 18a baino lehen. 10 leku daude eta zozketa egingo da.

Matutinaren irteera

Aurten beste berrikuntza bat ere izango dute jaiek. Jaien inguruko bileretan adostu moduan, aurtengoan Matutinaren irteera Aita Urdanetatik egingo da (Tximista paretik).

Aske bizi!

“Edonon aske bizi nahi dugu eta baita Ordizian ere”, gehitu du alkateak. “Ordiziako komunitatean kolore guztiak dira ongietorriak eta ez dugu inolaz ere inolako erasorik onartuko, jaiak errespetuz bizi nahi ditugulako, goizean hasi eta gauera arte, herriko edozein txokotan: bai plazan, taberna barruan, kalean zein etxera itzultzerako orduan. Ordiziak guztiok dugu eskubidea gure herriko jaiez disfrutatzeko”.

Jaima informatiboa jarriko da uztailaren 25ean, 19:00etatik 22:00etara, Zuhaiztian, eta uztailaren 27an, 23:00etatik 02:00etara.

Programa zabala

Ordiziak bere Santa Ana jaiak berreskuratuko ditu, eta horrekin batera egutegian ospatzen diren egun eta ekitaldi nagusiak. Hala nola, asteburu honetan bertan Haurren asteburuari emango zaio hasiera, larunbatean, 12:00etan. Ondoren buruhandi eta erraldoiak, bazkari herrikoia, ur tobogana, zezen-suzkoa, disko festa… izango dira. Igandean, goizeresia, meza nagusia eta haurren ohiko aurreskua, besteak beste. Aurten haurren danborrada 19:00etan hasiko da, ohi baino ordubete lehenago.

Uztailaren 20 eta 21ean kuadrilen arteko XXXIX. Txapelketako partidak jokatuko dira, eta 21ean 20:30ean Urrup taldeak ‘Tuppersex’ lana antzeztuko du.

Uztailaren 22arekin batera, Boxing Ziklo Klub Elkarteak antolatutako Boxeo Jaialdia ospatuko da Beti Alai pilotalekuan.

Uztailaren 23an, bestalde, Oianguren parkean ‘Umore Horia’ ekintza egongo da eta Osiñe Talde Feministak eta Ordiziako Koordinadora Feministak antolatutako Akelarre eguna ospatuko da. Gainera, 19:00etan buruhandien erraldoia eta 23:00etan Bulego taldearen kontzertua izango dira.

Uztailaren 24an izango da egun handia. 12:00etan txupinazoa, buruhandi eta erraldoiak, eta 17:30etan bigantxak eta kuadrillen arteko futbol txapelketa izango dira. 21:30etan Buztuntzatik ohiko danborrada irtengo da eta herriko kaleak zeharkatuko ditu.

Uztailaren 25an, Santiago Eguna, besteak beste, Ordiziako Klasikoa ospatuko da. 99. edizioa izango da, nahiz eta 1922ko lehendabiziko proba Francisco Sarasolak irabazi zuenetik 100 urte beteko diren aurten.

Uztailaren 26an, Santa Ana Eguna, herriko zaindariaren Eguna ospatuko dugu. Goizaldeko danborrada, Irungo Musika Bandaren kalejira, bigantxak eta meza nagusiak hartuko du goiza. 12:15ean agintarien soka-dantza izango da eta 13:00etan Irun Hiria Musika Bandaren Kontzertua. Arratsaldean eskuzko pilota partidak (Dario-Erostarbe / Egiguren – Tolosa eta bigarren partida Altuna III – Martija / Iribarria – Zabaleta).

Uztailak 27, Santanazaleen eta kuadrilen eguna ospatuko da. Goizean ohiko azoka izango dugu, eta 11:00etan Santanazaleen Meza. 12:00etan ohiko esku dantza, eta 13:00etan Kuadrillen irteera. 18:00etan bigantxak eta iluntzean kalejira. Gauean disko festa, Puro Relajoren kontzertua eta Vulcano orkestraren ikuskizuna eta dantzaldia.