Azkeneko bono kanpainak ia 145.000 euroko diru sarrerak eragin ditu Ordiziako establezimenduetan
Ordiziako Udalak, bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei laguntzeko asmoz iazko urte amaieran bono kanpaina berria aurkeztu zuen; 30 euro ordainduz, 50 eurokoa gastua egiteko aukera eskainiz.
Kasu honetan, 50 euroko 1.500 bono jarri ziren salgai eta egun t´erdian amaitu ziren guztiak. Bono horiek abenduaren 31a arte erabiltzeko aukera jarri zen, herriko 74 establezimendutan. Bono hauen bitartez egindako erosketetan lortutako fakturazio 144.298,76€ izan da eta erabilitako 50 euroko bono bakoitzarekin egindako bataz besteko gastua 96,20 eurokoa izan da.
“Bono kanpainak izugarrizko harrera ona izan dute. Ordizia bizia nahi dugu, komertzio eta sektore indartsuekin eta horretan lan izugarria egiten dute gure herriko denda eta establezimenduek. Baina noski, herritarron apustua ere bertan erostea izatea garrantzizkoa da. Herrian komertzio aukera zabala dugu eta hori oso pozgarria da bai ordiziarrontzat baita ere beste herrietatik etortzen diren pertsonentzat ere”, azaldu du Maitane Alvarez, Ordiziako Udaleko alkateordeak. “Ez genuen espero horren azkar salduko zirenik bono guztiak baina jendea zai zegoen eta segituan agortu ziren. Eguberrietako erosketak egiteko oso baliagarriak izan dira askorentzat bono hauek”.
Azken txanda honetan bonoak erosi zituzten bezeroen %57,93 emakumezkoak eta %42,07 gizonezkoak izan ziren, eta adinari dagokionez 50 eta 70 urte bitarteko bezeroak erosi zituzten bono gehien. “Eskualdeko eta beste herri desberdinetatik gerturatutako herritarrak bonuak erosteko aukera izan bazuten ere, bonu kopuru handiena eskuratu zutenak Ordiziarrak izan ziren, %87,5a”, gehitu du Alvarezek. Beste herrietako bezeroen artean Beasain, Zaldibia, Itsasondo eta Lazkaoko bezeroak izan dira (orden horretan) bonuak gehien erabili dituztenak.
Establezimendu guztietan erabiliak
Salmenta bonuen deialdira 74 establezimendu atxiki ziren, eta saltoki guztietan trukatu da bonoren bat. Parte hartu duten saltokien artean gehien jantzi denden sektorean erabili dira, ondoren ileapaindegi-estetikakoetan eta ostalaritzakoan ere bai.
Aitor Velazquez, Ordizian merkatari elkarteko teknikaria: “Iazko urteko bono kanpaina guztien balorazioa oso positiboa izan da, baita azken honetakoa ere. Merkatariak gustura agertu dira eta herritarrak ere bai”. Gainera, Alvarezek nabarmendu du ebaluazioetan proposamen eta ekarpen berriak ere izan direla eta etorkizuneko bono kanpainetarako kontuan hartuko dira, hobetzeko.