Ordiziak 874.000 euro lortu ditu Plaza eraberritu eta azoka dinamitzatzeko Next Generation-en deialditik
Partaidetza eta komunikazioa
“Izugarrizko albiste ona da hau. Orain hilabete eskas jakin genuen Ordiziak 2,9 milioi euro eskuratu zituela ‘Ordizia, lurraldearen dastamena (Ordizia, saboreando territorio)’ proiektua garatzeko eta orain Ordiziak 874.122 euro gehiago eskuratu dituela ospatzen gaude. Lan handiko hilabeteak izan dira proiektu hauetara aurkeztu ahal izateko, baina esfortzuak badu saria eta oso pozik gaude Ordiziarentzat albiste bikaina delako”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Ordiziako Plaza estaliak 100 urte beteko ditu 2025ean, eta “bost mende gainditzen dituen gure azokaren estalkia izan ez ezik, herriko bizitzaren gunea ere bada eta hiriguneko merkataritzaren dinamizaziorako gakoa”, nabarmendu du Ezenarrok.
Hala, Ordiziako azoka eta merkataritza garatu eta sustatzeko estrategiarako 1.092.653€ (BEZa barne) eskatu dira eta guztira 874.122,40 euro lortu dira (BEZa barne), beraz, eskatutakoaren %80a lortu da. Proiektua gauzatzeko gainontzeko 218.530,6 euroak (BEZa barne) Udalak jarriko ditu.
Hainbat lan lerro proposatzen dira. Batetik, Plazaren estalkiaren eraikina eraberritzea (egitura, estalkia, argiteria, azpiegitura orokorrak, klimatologiatik babesteko elementuak…) 765.573,60€ (Ordizia 2030 Ekintza Plana 18.4).
Estalkian panel fotoboltaikoak jartzeko 97.479,68 euro (Ordizia 2030 Ekintza Plana, 13.4), eta azokako elementuak modu jasangarrian eraberritzea, 133.000,00 euro (Ordizia 2030 Ekintza Plana 18.2). Atal honetan sartzen da postuak eraberritzea (oihalak, informazioa…) 10.000,00 euro; azokako espazio lagungarriak (informazio postuak, sukaldea, pop up postua…) 55.000,00 euro; packaging jasangarria (poltsa erabilgarriak, sentsibilizazio kanpainak…) 20.000,00 euro; takila adimendunak 18.000,00 euro eta hondakinen kudeaketa jasangarria 30.000,00 euro. Puntu hauek Ordizia 2030 Ekintza Plana, 12.26 atalean jasota daude.
Azokaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren sustapenari dagokionez, eta seinaletika berria, merkataritza, historia eta kultura ibilbideak adierazteko 30.600,00 euro bideratuko dira. Transformazio digitala erronka bat izanik, horretarako 66.000,00 euro. Bertan, bezeroen fidelizazioa garatzeko datuen kudeaketa sistema, azokaren erakusleiho digitala, merkatari eta saltzaileei formazioa eta plazan WIFIa egokitzea daude (Ordizia 2030 Ekintza Plana 18.3)
-
Zifra guztiak BEZa barne dira.