Abenduaren 27an, azoka berezia
Datorren asteazkenean, abenduaren 27an, Eguberritako aparteko azoka izango da Ordizian. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izango delakoan gaude, mahaiaren inguruan ospatzen ditugun jaietarako despentsa bete ahal izateko.
Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtuko da orain ere azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko. Jai giroari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira kalerik kale, txoko guztiak animatzeko, eta ez da gabon kantarik faltako.
Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai Frontoi inguruan txerri, ahuntz, ardi, asto poniak, eta hegaztiak egongo dira ikusgai. Garagartza plazan berriz, Errezil sagar eta fruitu lehor erakusketa eta tailerrak izango dira ikusgai. Aurtengo berritasun moduan, Barrena Jauregi parean artzantza eta baserri munduari lotutako haur jolasak aipatuko genituzke. Plaza Nagusian asteroko azokak ez du hutsik egingo.
Ordiziako aparteko azoka zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izango dute: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak,... Hori horrela, azoka osatuagoa izango dugu gabon jai hauei begira: Plaza Nagusian baserritarrek produkturik onenak eskainiko dituzte. Artisaugintzak ere presentzia garrantzitsua izango du herrian zehar banatuko diren hainbat postutan.
IDIAZABAL GAZTA EKOIZLEEN AITORTZA EKITALDIA
Aparteko azoka honen babesean eta urtero legez, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, Ordiziako Udala eta Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin elkarlanean, ohore handiz, 2023 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia antolatu du. Saritutako gure gaztagileak Ordizian izango dira datorren asteazkenean, Plaza Nagusian 11.00tan ospatuko den ekitaldian.
Gazta zaleek eguna borobiltzeko aukera izango dute D´elikatuz Zentroan arratsaldeko 19.00tan Ordiziako Azokako gazta desberdinen dastaketa eta ardoekin maridajea eskeiniko da Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren eskutik (aurrez izena eman behar da) 943882290 zenbakian edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean.