Ordiziako azokako pintxoak, herriko tabernetan
Ordiziako Udalak eta Azokak, egitasmo berritzaile bat abiatuko du gaur, martxoak 24: Ordiziako azokaren pintxoa.
Gure herriko establezimenduetan azokako produktuen presentzia sustatu, eta eskaintza bertako eta garaiko produktuekin identifikatzea lortu nahi da. Horregatik, Ordiziako azokaren pintxoa izateko animatu dira Ordiziako ostalariak, eta daukaten pintxo eskaintzan presentzia izatea pintxo berezi honek. Horiek guztiak bereizgarri bat dute, eta herritarrek begirada bakarrean ikusi ahalko dute horiek direla azokako pintxoak. Udalak banatu ditu bereizgarri hauek ekimenean parte hartzen duten establezimenduetan. Bereizgarrian honakoa irakur daiteke “Ni ere Ordiziako azoka naiz”.
Gaur gaurkoz, 1990 Gastroteka, Hotel Ordizia, Kantoi, Leizea, martinez, Pottoka eta Txindoki izan dira ekimenarekin bat egin dutenak.
Gainera, pintxo hau kontsumitzen duten bezeroei txartel bana emango zaie, eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. 2021 urtean zehar pintxo berezi hauen promoziorako ekimenak lantzea da helburua, hala nola, azokako webgunean zintzilikatuko diren pintxoen errezeten bideoak, Ordiziako esku orri turistiko berrian joango den azokako pintxoen ibilbidea, etab.
Ordiziako Udalak bere marka berria aurkeztu zuen duela hilabete batzuk. Ondoren Ordiziako Azokari egokitu zitzaion txanda eta azaroaren 18an egin genuen aurkezpen ekitaldia. Ordiziako Udaleko markaren moldaketa bat da eta ordiziarrak eta bisitariak bertako eta garaiko produktua kontsumitzearen beharraz ohartaraztea du helburu nagusia.
Azokatik sukaldera
Horrez gain, Plaza Nagusiko erdigunea “sukalde” bihurtuko da bi hilabetez behin. Bertan, Goierriko sukaldariek Ordiziako azokako produktuekin egindako errezeta bat sukaldatuko dute. Gainera, informazio puntuan errezeta horren nondik norako guztiak azaltzen diren fitxa banatuko da. Asteazken honetan, brokolia izan da osagai nagusia, eta Osoa Sukaldaritza&Ikaskuntzako Ane Otegik “Brokolia, baratzuri beltza eta Idiazabal gazta” izeneko errezeta egin du.
Jasangarritasuna ardatz
Jasangarritasuna izango da giltzarrietako bat eta horretarako eman beharreko pausoetako bat azokako plastikozko poltsak alde batera uztea izango da. Helburu horrekin logo berria daramaten azokarako poltsak eta erosketa-orgak egin dira, erosleek azokara erosketa egitera doazen bakoitzean berrerabil ditzaten. Hain zuzen, azken asteotan azoketan erosketa egiten dutenei txartel bana banatzen zaie eta ondorengoen zozketan parte hartzeko aukera dute hamabost egunean behin: Ordiziako Azokako 2 poltsa azokako produktuez beteta eta 4 erosketa orga asteazken bakoitzean; eta ondoren salgai jarri dira.
Ekimen hau Ordiziako Udala, azoka, eta ostalarien artean sortuko litzatekeen elkarlan dinamika baten hasera besterik ez izatea espero da.