Ekimena lan aukerak bultzatzeko Ekimena
Laugarren urtez, enplegua sustatzeko Ekimena enplegu faktoriaren proiektua martxan jarriko da Ordizian. Oraingo honetan, 15-20 laguneko talde batek parte hartu ahal izango du egitasmoan, enplegua besteren kontura edo negozio-ekimen bat abian jarrita lortzeko helburuarekin. Aurtengo edizioaren aurkezpenean izan dira Adur Ezenarro alkatea, Aritz Perez, proiektuaren arduraduna. Horrez gain, Javier Elizetxea formatzaileak ere emango ditu ikastaroko hainbat zati.
“Enplegurik ez duten herritarrei zuzendutako programa da, baina baita ere ekintzailetzara salto egin nahi dutenei ere. Ahal ditugun erraminta guztiak jarriko ditugu horretarako, eta Ekimena proiektua da horren adibidea”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Gainera, honakoa nabarmendu du: “Ekimenak balioko du herriko diagnosi bat ateratzeko, eta hortik Enplegu Plana osatzeko; ordiziarren lan-beharrei erantzuna emateko. Horregatik, gainera, herriko beste eragile batzuekin sinergiak osatzea dugu helburua”.
Abenduaren 13an hasiko da aurtengo edizioa, eta apirilaren 13ra bitarte iraungo du. Honako perfilei zuzendua da: langabezian zaude, 22-55 urteko adina baduzu, Ordizian bizi zara eta lana modu aktiboan bilatzen zein ekiteko asmoa duzu.
Izena emateko epea abenduaren 5a arte zehar egongo da zabalik. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Herritarren Arreta bulegoan edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatziz. Hautaketa prozesua egin beharko balitz, informazio-saioak eta elkarrizketak egingo dira izena emandakoekin.
Enpleguaren bila
Helburu bera izango dute guztiek: enplegua lortzea. Horretarako, Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dute parte hartzen duten pertsonen lanerako gaitasuna hobetuko dela, lan-merkatuak eskatzen dituen zeharkako konpetentziak indartuko direla parte hartzen duten pertsona guztiengan, enpleguarentzat lan baliabideak lortzen lagunduko dutela, inpaktu sozialeko negozioarekin erlazioa duten ideiak identifikatu eta ebaluatuko direla. Horrez gain, talde sustatzailearen laguntzarekin enpresa desberdinak bisitatuko dira (edo horiek faktoriara gonbidatu), lan-merkatuko bitartekotza ekintzak burutuko dira eta ikusgai egingo dira lan merkatuan.
“Elkar laguntzeko prest dauden persona behar ditugu. Parte hartze handia eta enpleguaren bilaketa aktiboan konpromezua dutenak”, zehaztu dute Ekimenako kideek.