Ondarre gaztandegiarentzat txapela eta urrezko Kutxa garaikurra
Gaur goizean zehar jokatu da Latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez artzainek egindako L. Gazta Lehiaketa, Ordizian. Bertan, Eneko Goiburu (Segura) izan da garailea (2734,5 puntu). Txapela ez ezik, Urrezko Kutxa Garaikurra ere eskuratu du, izan ere, azken 10 urteotan hirugarren aldiz irabazi du txapelketa hau segurarrak (2014, 2021 eta 2023).
Haren izena entzun bezain laster, eskuak altxatuta azaldu da Goiburu saria jasotzera. Aurrez, familiakoekin besarkada estua jasota, malkoei ezin eutsiz igo da oholtzara, eskuarekin 5a eginez, hatz guztiak altxatuta: “Gaurkoarekin, familian bosgarren aldiz irabazi dugu txapelketa hau. Azken hamar urteetan hiru, 1995ean, eta aitonak ere orain urte asko irabazi zuen lehiaketa”. “Inolaz ere espero gabeko albistea” dela nabarmendu du, hunkituta.
Bigarren saria Kortariak irabazi du (2627 puntu), eta hirugarren postua etxean gelditu da, Joseba Insaustik irabazi baitu (2603,5 puntu). Laugarren eta bosgarren postuak, berriz, Ander Barandiaran eta SC Loperenarentzat izan dira; 2595,4 eta 2588,5 puntu, hurrenez hurren.
Aurtengoan, lehiaketaren 50. urteurrena ospatuz, 50 izan dira lehiaketara aurkeztu diren gaztak. Datu moduan, lehen bost sailkatuek gazta ketua aurkeztu dute. Irabazlearen izena jakin bezain laster enkantea hasi da, eta gazta erdia 3.550 euroan erosi du Super Amarak, enkantea egin denetik hirugarren aldiz.
Sari banaketa egin aurretik, Tubal jatetxeko Atxen Jimenezen omenez minute bateko isilunea egin da, eta Juan Mari Arzak omendu da jarraian. Urte askoan izan da lehiaketako epaimahaiko lehendakaria izan delako. Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren eta Adur Ezenarro, Ordiziako alkatearen eskutik jaso ditu Elena Arzakek bi oroigarri, haren aitak egindako lana eskertuz. Gaurtik aurrera, Pedro Subijana izango da postu honen arduradun.
Ezenarro alkatea “oso pozik” agertu da gaurko egunarekin: “Euskal Jaiak eta asteazkeneko azoka berezia beti dira bereziak ordiziarrontzat. Eta nola ez, txapelketaren 50. Urteurren honetan. Apustu irmoa dugu lehen sektorearen alde, eta bide horretan jarraituko dugu”.
Azoka berezia beti da berezia, eta gaur ere Ordiziako kaleak jendea beteta ikusi ditugu, bero handia egin duen arren. Horrez gain, fruitu eta barazki eta ganadu lehiaketak ere egin dira, eta hemen dituzue sailkapenak: