500 euroko bi erosketa bale, bonboien bidez
Merkatari eta ostalariek sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dute martxan gaur, ostirala. Orotara, 10.000 bonboi kaleratu dituzte, eta horietako bi urre kolorekoak izango dira.
Ordiziako merkatari eta ostalariek sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dute martxan ostiralean, Ordizian erosteak urrezko egiten zaitu lelopean. Abenduaren 9a bitartean egongo da martxan ekimen hau. Herriko saltokietan erosketak egiten dituzten herritarrek gozagarri bat eskuratzeko aukera izango dute; bonboiak.
Orotara, 10.000 bonboi kaleratu dituzte, eta horietako bi urre kolorekoak izango dira. Bi bonboi berezi horiek sari bana izango dute: Herriko saltokietan gastatzeko 500 euroko sariak.
Sentsibilizazioan eragitea da kanpainaren helburua, hau da, herritarrak bertan kontsumitzeak duen garrantziaz ohartaraztea. Hala nabarmendu dute egitasmoaren sustatzaile diren Ordizian merkatari elkarteak, eta Ordiziako Udalak. “Gure herriari argia, bizia eta indarra ematen diote herriko saltokiek, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Horretarako, erosleok kontziente izan behar gara herrian dugun altxorraz, eta bertan kontsumitzeko deia egiten dugu”, nabarmendu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.
Haien esanetan, halako kanpainak "ezinbestekoak" dira, gainera. "Etengabe egin behar da saiakera, informazioak xurgatzen gaituen garai hauetan kalean ibiltzeak, erakusleihoak ikusteak eta bertan erosteak dituen onurak erakutsiz". Halaber, halako egitasmoak sustatzen jarraitzeko asmoa agertu dute, sektorearen profesionalizazioan eragiteko, egungo eta etorkizuneko kontsumitzaileek herriguneetan kontsumitzen jarrai dezaten. Gainera, datorren astean sei egunez martxan izango den kanpainak Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa duela azaldu dute.
Honako establezimenduetan banatuko dira bonboiak, eta sariak ere bertan gastatu beharko dira: