Apirilaren 3an, asteazkena, ospatuko da Ordizian Artzain Eguna. “Egutegian berezitako eguna da Artzain Eguna, egun handia, zalantzarik gabe. Urteroko legez, asteazkeneroko azokaren altzoan ospatuko dugu urteko lehen azoka berezia eta Artzain Eguna. Transhumantzia irudikatzeko artaldeak herrigunea igaroko du, eta artzainen lana, eta Idiazabal Gazta Berriaren aurkezpena ere egingo dugu. Aurten, Arabako Santikurutze Kanpezuko Arrea! jatetxeko Edorta Lamok moztuko du gazta, eta Arantzazun kokatuta dagoen Artzain Eskola – Gomiztegi izango da omenaldia jasoko dutena”, adierazi du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Artzainak eta gazta izango dira protagonista. Udalak ELE Latxa Ardiaren Gipuzkoa elkartearen, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin batera antolatzen du egun handi hau  Besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo da, Arabako Edorta Lamoren eskutik.

Aharien erakusketa-lehiaketa

Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru  izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.

Bi   motako animaliak izango dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.  Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai.  Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.

Garagartza Plazan gazta egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, mamia dastatzea eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.

 

Haurrentzako jolasak

Aurten, gainera, ‘Artzainen Herri Kirolak’ jolasak eskainiko dira Frontoi txikian, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Transhumantzia birgogoratuz

Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 1.500 ardi inguru, 5 artaldetan banatuta. Modu honetan antzinatik egin izan den eta denbora berriek zailtzen duten menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratuz, askok oinez eta errepidetatik egin behar izaten dutena.  Maiatzaren lehenengotik aurrera egin ahal izango dute mendiko larreetara buelta.

Edorta Lamo eta Artzain Eskola - Gomiztegi

11:15etan, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan, Arabako Santikurutze Kanpezuko Arrea! Jatetxeko Edorta Lamok gazta berria ebakiko du.  Baina, aldez aurretik, Arantzazun kokatzen den Artzain Eskola – Gomiztegik jasoko du aurtengo omenaldia, sektorearen alde egiten duen lanagatik.

Baita, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatuko zaizkie Segurako Eneko Goiburu Artzainari, hirugarren urtez jarraian eta gaztandegien kategorian Arizkungo, Nafarroa, ‘Valle del Baztan’ gaztandegiak jasoko du saria.

Ohitura den moduan, goiz guztian zehar  Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.

EGITARAUA

Azoka berezia goizean zehar

9:00- Ahari eta ardien erakusketa Garagartza plazan.

Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.

10:00-14:00 frontoi txikian: haurrentzat “Artzainen herri kirolak” jolasak.

11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.

11:15- Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan. Santikurutze Kanpezuko Arrea! Jatetxeko Edorta Lamok ebakiko du gazta berria.

Horren aurretik Artzain Eskola - Gomiztegi omenduko da, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira.

11:30- Gazta egitea eta mamia dastatzea Garagartza plazan.

11:30- Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.

12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.

***Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.

12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.