Ordiziako Azoka eraldatu eta biziberritzeko egitasmoaren barruan, turismo aldetik ere berrikuntza bat egin da, azoka ezagutzeko ibilbide autogidatua sortuta. Ibilbide honek, Ordiziako Azokaren historia errepasatzen du, herriko hamabi gune esanguratsu lotzen dituen ibilbidea sortuz. Gainera, autogidatua izango da, eta bisitariek nahi duten momentuan egin ahal izango dute, bai panelen bidez eta baita audioen bidez ere.

Proiektu hau, Europar Batasuneko Next Generation laguntza-funtsaren bidez garatu den 'Ordiziako Azokaren Transfomrazio Digital eta Iraunkorrerako Plana: Azoka XXI' egitasmoaren barruan kokatzen da.

D'Elikatuz Zentroan hasita, hamabi gunez osatutako ibilbidea jarraitzeko aukera izango du bisitariak. Horretarako, garai bateko argazkiekin eta azalpenekin hornitutako xaflak jarri dira herriko 12 puntutan. Gainera, QR kodeen bidez audioak deskargatu ahal izango dira, lau hizkuntza desberdinetan (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa).

Tren geltokiaren parean eta herriguneko sarrerako eskaileren ondoan, Ordiziako mapa bat ere kokatu da. Bertan, herriko interes puntu nagusiak eta urtean zehar ospatzen diren jai eta ospakizun garrantzitsuenak jasotzen dira. Eta nola ez, baita Ordiziako Azokako ibilbide berria ere.

Hauek dira xaflak jarri diren herriko hamabi puntuak:

  • D'Elikatuz Zentroa. Barretxe.
  • Peru artzainaren eskultura
  • Goizane eskultura, plazan
  • Udaletxeko arkupeak
  • Mariane eskultura, Oilo-kale
  • Geltokiko eskilarak
  • Alhondiga, Muxika Dorretxea
  • Goen plaza
  • Garagartza plaza
  • Azoka plazara sarbidea
  • Asko kale
  • Goierriko Nekazal Kooperatiba

Panel hauei buruzko informazio gehiago:
https://www.ordiziakoazoka.eus/images/ibilbidea/ibilbidea.pdf

 

Udako eskaintza turistikoa Ordizian

D'Elikatuz Zentroa izango da azokako ibilbide honen hasiera eta informazio puntua. Gune hau, elikadurari eta Goierriko gastronomiari buruzko museoa izateaz gain, turismo bulegoa ere bada, eta eskaintza berezia antolatu dute udarako.

D'Elikatuz Zentroa eta Ordiziako turismo bulegoa irekita egongo dira uztailean eta abuztuan zehar, astelehenetik ostiralera (10:00-13:00 eta 16:00-19:00) eta asteburu eta jai egunetan (11:00-14:00 eta 16:00-19-00).

Horrez gain, hainbat bisita eta esperientzia gastronomiko egingo dituzte uztailean eta abuztuan zehar. Asteazkenero, azokarekin batera, 'Ordiziako Azoka: Iragana, oraina eta etorkizuna' ibilbide gidatua egingo dute. Abuztuko ostiraletan, berriz, Ordiziako herrigunearen eta eraikinen historia ezagutzeko 'Ordizia denboran zehar' bisita gidatua egingo da. Eta nola ez, norberak nahi duenean, Ordiziako Azoka ezagutzeko ibilbide autogidatua egiteko aukera ere izango du.

Ekintza horietan guztietan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, 943 88 22 90 telefono zenbakira deituta edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera mezu bat bidalita.