Eguneko Arreta Zentro berria sortzeko lanak hasi dira
Zuhaizti zentroko igogailu berriarekin batera, Eguneko Arreta Zentro berria ere eraikitzen hasi gara. Eguneko arreta zentroa gaur egun dagoeneko funtzionamenduan dagoen Eguneko Zentroaren ondoan kokatuko da, Zuhaiztiko hirugarren solairuan. Ordizia 2030 Ekintza Planeko 4.1 puntuan jasota dago inbertsio hau.
Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak bideo honetan azaldu ditu obraren xehetasunak: Eguneko Arreta Zentro berria
“Ordizia 2030 Ekintza Planak datozen urteotarako lerroak jasotzen ditu eta hori lortzeko pausoak ematen ari gara. Zuhaiztin, igogailu berria eraikitzeaz gain Egunero Arreta Zentroa ere eraikitzeko lanak hasi ditugu dagoeneko. Eguneko Arreta Zentroa autonomoak edo dependentzia arriskua edo dependentzia arina duten pertsonentzat izango da, dependentzia I maila dutenentzat, eta 15 plaza izango ditu eta zerbitzua astelehenetik ostiralera eskainiko da”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Zuhaiztin dagoeneko badago Eguneko Zentroa. Zentro hau, baina, dependentzia maila II eta III gradukoa duten pertsonentzat izango da, dependentzia ertaina edo larria dutenentzat. “20 plaza daude gaur egun, eta asteburuetan 12, baina oraintxe I graduko erabiltzaileak ere hartzen dituenez, Eguneko Arreta Zentroa martxan jartzen denean plaza guztiak II eta III gradukoentzat geratuko dira”, gehitu du.
Ia 100 metroko eremu berria izango da eraikiko dena, eta orain arte biltegi bat zegoen eremuan, tabikeak bota, distribuzio berria eraiki, leihoak aldatu, eta eguneko arreta zentroa burutzeko lanak burutzen ari dira. Eguneko Arreta Zentro berriak, zona komuna, sukaldea, eta bainugela izango ditu.
Inbertsioa 137.000 eurokoa da eta hau ere, igogailu berriarekin batera, urte amaierarako amaituta egotea aurreikusten da.