Oiangu Pilota Elkarteak eta Ordiziako Udalak antolatuta, Emakumezkoen I. Ordizia Hiria Txapelketa jokatuko da, azaroaren 15etik abenduaren 14ra bitartean. Bertan, Hego Euskal Herriko 16 pilotarik parte hartuko dute, larruzko paleta modalitatean. Partidak ostiral eta larunbatetan izango dira, 19:30ean, Beti Alai pilotalekuan.

Oiangu Pilota Elkartea, “orain arte ibilbide gorabeheratsua izan duen emakumeen larruzko paletako ibilbidea berrindartzeko asmoarekin” hasi zen txapelketa hau antolatzeko lanetan. “Jabetu ginen emakumeentzat egituratutako txapelketen errealitatea, modalitate honetan lantzeke zegoela”. Txapelketa puntual batzuk egin dira han eta hemen, baina bide horretan pauso bat aurrera eman nahi izan dute.

Jon Ander Caballero Ordiziako kirol zinegotziak Oiangu elkarteak pala eta larruzko paleta modalitatea bultzatzeko egiten duen lana azpimarratu du, baita horrelako elkarte txiki batek, txapelketa hau antolatzeko eta emakumezkoen kirola bultzatzeko egindako ahalegina ere.

Oiangu elkarteko kideen esanetan, “txapelketa soil bat eskaini ordez, joko honetara egokitzapena ahalik eta egokien egiteko, gure elkarteko baliabideak, Ordiziako Udalarenak eta gure babesleenak (elkarte laguntzaileak) emakume pilotarien eskura” jarri dituzte, baliabide materialak eta teknikoak eskainiz. Hala, abuztu amaieratik hasita, asteroko entrenamenduak egiten ari dira, lehendik ere ona den joko mailari beste bultzada bat emateko.

Ligaxka, final erdiak eta finala

Azaroaren 15ean hasita, partidak ostiraletan eta larunbatetan jokatuko dira, Beti Alai pilotalekuan. Finala berriz, abenduaren 14an izango da. Hego Euskal Herriko 16 pilotarik parte hartuko dute txapelketan, 8 bikotetan banatuta. Txapelketa ligaxka moduan hasiko da, launa bikoteko bi taldetan banatuta. Bikote bakoitzak hiruna partida jokatuko ditu ligaxkan, eta talde bakoitzeko lehen eta bigarren bikoteak sailkatuko dira final erdietarako.

Parte hartzaileen artean, Amaia Irazustabarrena eta Leire Galdos Bizkaia Torneoko irabazleak izango dira, besteak beste. Arabatik Irati Alava eta Garbiñe Lopez etorriko dira, eta Nafarroatik Naroa Otxoa. Gainontzeko jokalari guztiak gipuzkoarrak dira.

A taldea

A

Aroa Torres (Gasteiz)

Irati Alava (Gasteiz)

B

Garbiñe Lopez (Legutio)

Amaia Irazustabarrena (Hernani)

D

Naroa Otxoa (Etxarri)

Garazi Eizmendi (Aia)

E

Nahia Eizmendi (Aia)

Nagore Murua (Altzo)

B taldea

A

Amaia Zubeltzu (Usurbil)

Leire Galdos (Oiartzun)

B

Anne Agirre (Alegia)

Ane Kerejeta (Hernani)

D

Enara Mazizior (Hernani)

Ekhine Balerdi (Usurbil)

E

Amaia Aizpuru (Azkoitia)

Uxue Olano (Altzo)

Lehen asteburuko partidak:

Ostirala, hilak 15:

  • Aroa Torres – Irati Alava / Garbiñe Lopez – Amaia Irazustabarrena
  • Naroa Otxoa – Garazi Eizmendi / Nahia Eizmendi – Nagore Murua
  • Amaia Zubelzu – Leire Galdos / Amaia Aipzuru – Uxue Olano


Larunbata, hilak 16:

  • Enara Mazizior – Ekhine Balerdi / Anne Agirre – Ane Kerejeta

Ostiral eta larunbat arratsaldeetan partidak ikustera etortzen direnek, “joko azkar eta bizia” ikusiko dutela aurreratu dute antolatzaileek, “frontoi osoan eta abiadura handian” jokatzen baitute, “ikuskizun ederra” eskainiz. Gainera, Ordiziako Udalaren laguntzari esker, sarrera doakoa izango da.