SANTA ANA JAIAK 2014. ERRESPETUAN, ANIZTASUNEAN ETA BERDINTASUNEAN OINARRITUTAKO FESTAK
San Bartolomen barraka berriak jarriko dira eta jan-edanerako aukera ere izango da Estanda Ordizia taldearen karpan
Sexu eraso, eta eraso homofobo eta xenofoboen aurrean laguntza emango dute txozna gunean
Ate joka daude 2014ko Santa Ana jaiak. Ostiraleko kantineren aurkezpen eta Boxeo Jaialdiaren ondotik, Umeen asteburua ospatuko da larunbatean eta igandean. Santa Ana jaiak, bete-betean, hilaren 24tik 27ra bitartean ospatuko dira. Ordiziako Udalak festetako ohiturak mantentzeko ahalegina egin du aurten ere, eta herriko elkarte, txozna batzorde eta beste hainbat eragilerekin batera, festa herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunen aldeko apustua egin du. 2014ko Santa Ana jaiak errespetuan, aniztasunean eta berdintasunean oinarritutako festak izatea desio du Ordiziako Udalak.
Belen Maiza Kultura eta Gizarte Ongizate zinegotziak, Jesus Mari Lariz jai eta azoketarako teknikariak, Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldeko ordezkariek eta Txozna batzordeko ordezkariek eman dute gaur arratsaldean Santa Ana jaietako egitarauaren eta berrikuntzen berri, udaletxeko pleno aretoan egin duten prentsaurreko bateratuan.
Belen Maizaren esanetan, aurtengo festetako egitaraua ere mardula da, eta hori guztia herriko elkarte, talde eta eragileei esker izan da. "Ordiziako Udalak, herriko elkarte, txozna batzorde eta beste hainbat eragilerekin batera, festa herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunen aldeko apustua egiten du".
Aurten gainera, San Bartolome auzoa festa eremu bezala indartzeko ahalegina egin du udalak, Maizak adierazi duenez. "Haurrentzako eta helduentzako barraka berriak egongo dira, eta karpa batean jan-edanerako aukera egongo da Estanda Ordizia taldearen eskutik".
Festetako txupinazoak
Horrez gain, aurtengo festetako txupinazoa nortzuk botako duten ere aipatu du zinegotziak: "Larunbat honetan, hilak 19, Haurren asteburuko txupinazoa Haurren Danborradaren antolatzaileek botako dute. Felix Garitano eta Javier Ormazabal apaizak ere bertan izango dira. Eta hilaren 24an, Santa Ana jaiei hasiera emanez, hiru izango dira txupinazoa botatzeaz arduratuko direnak: Julian Gonzalez fisika aplikatuan katedraduna, Amets Bide dantza taldea 50. urteurrenarengatik eta Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldea 1. mailara igotzeagatik".
Maizaren esanetan, Ordiziako udal gobernuak Santa Ana jaiak errespetuan, aniztasunean eta berdintasunean oinarritutako festak izatea nahi du, eta mezu horixe bera helarazi nahi die herritarrei. "Jaiak gozatzeko dira, eta gozarazteko". Horri lotuta, honako oharrak eman ditu jakitera:
Uztailaren 25eko gaupasa. Mozorroak eta matutina
Uztailaren 10ean kuadrillekin egin zen azken bileran honako erabakiak hartu ziren:
-Oinezko gunera (Gudarien Etorbidea, Foruen pasealekua eta kasko zaharra) ezingo da sartu karrozekin uztailaren 25eko 17:00ak arte. Ezingo da ezer finkorik jarri ordura arte.
-Bai goizaldeko danborradarako (matutina) zein edozein larrialdietarako ere, pasoa bermatu egin behar dute karrozek eta jartzen diren egiturek.
-Musikaren bolumenarekin autoerregulazioa eskatzen da. Uztailaren 26ko 08:00etarako musika itzali egin behar da.
-Mozorrotzeko erabiltzen diren ibilgailuak gainontzeko ibilgailuak bezala tratatuko dira oinezko gunetik kanpo, eta trafiko araudia bete beharko dute. Alde zaharrera sartu behar diren ibilgailuen datuak Udaltzaingoari jakinarazi behar zaizkio, arduradun baten datuekin batera.
-Udalak bi zabor puntu jarriko ditu karrozen materiala uzteko: bat Gudarien Etorbidean eta bestea Garagartza plazan. 09:00etan hasiko da bilketa zerbitzua lanean.
Uztailak 27. Kuadrillak eta Santanazaleak
-Santanazaleek Alde Zaharreko kaleetan egin ohi duten desfileari pasoa bermatu behar zaio, batez ere, Kale Nagusian. Kalearen eskuin aldetik egiten da desfilea.
Hondakin bilketa
-Iaz bezalaxe, hondakinak biltzeko ordutegian aldaketak izango dira.
-Uztailaren 18an eta 19an (ostiral eta larunbat honetan), eta uztailaren 24, 25, 26 eta 27an hondakinak 13:30etik 15:30etara atera beharko dira. Bilketa 15:30ean hasiko da. Garbigunea erabiltzeko aukera ere izango da.
Garraio zerbitzuak
-Autobusetan ere aldaketak izango dira. Beasain aldera doazen Goierrialdeako autobusak Otegi-Enea geltokian hartu beharko dira.
-Burundesa, Alsa eta Pesako autobusak ez dira Ordizian geldituko festa egunetan. Autobusa Beasainen hartzea gomendatuko zaie bidaiariei.
Ikurrina jartzeko deia
-Azkenik, balkoi eta leihoetan ikurrina jartzeko deia egiten dizue udalak herritar guztiei
San Bartolomeko festa eremua (Uztailaren 18tik 27ra)
Festetan izango diren ekitaldi nagusiei aipamen egin ondotik, Jesus Mari Lariz jaietako teknikariak San Bartolome auzoa festa eremu moduan indartzeko egin den ahaleginari buruz hitz egin du. "Haurrentzako eta helduentzako barraka berriak jarriko dira, eta ohi bezala, txurreria ere bertan izango da. Haurrentzako Scalextria, Dragoia, Aero Baby, ohe elastikoak, karruselak, tiro pitxoiak... jarriko dira, eta helduentzat autotxokeak, Saltamontesa, La Nube eta Move It". Bidaia bakoitza 1,70 euro kostako da, eta 6 bidaia 8 euro. Haurren egunak uztailaren 21an, 22an eta 23an izango dira. Hiru egun horietan bidaia bakoitza euro 1 kostako da.
Horri lotuta, jan-edana eskainiko duen karpa bat ere jarriko da barraken inguruan. Eremu hori Estanda Ordiziako areto futboleko nesken taldeak kudeatuko du, eta bildutako dirua datorren denboraldian 1 mailan jokatu ahal izateko finantzazio modura erabiliko da. "400 metro koadroko karpa bat da, eta mahaiak ere jarriko ditugu. Eguerditik gauera eskainiko dugu zerbitzua, eta bokadilloak, tortillak, razioak, paella... eskainiko ditugu. Herritarrei eta bisitariei karpara inguratzeko deia egin nahi diegu", adierazi dute taldeko ordezkariek.
Karpa girotzeko, haur nahiz helduentzako ekitaldiak antolatuko ditu udalak eremu horretan. Larunbat honetan, hilak 19, The Txilipipers (Red Hod Chili Pipers taldearen tributoa) taldeak kontzertua egingo da 21:30ean, eta igandean, hilak 20, Oliver magoaren magia ikuskizuna izango da, 19:00etan. Bi ekitaldiak doan izango dira.
Erasoen aurkako protokoloa txoznetan
Txozna batzordeak ere egitarau oparoa prestatu du Santa Ana jaietarako. Larunbatean XI. Gazte Eguna ospatuko dute, eta uztailaren 26an, Pablo Hasel eta Potato talde gasteiztarraren kontzertua izango da. Horiez gain, beste hainbat kontzertu eta ekitaldi ere izango dira hilaren 18tik 27ra txoznetan.
Txozna batzordeak aurten erasoen aurkako protokolo bat jarriko du martxan. "Sexu eraso, eta eraso homofobo eta xenofoboan aurkako protokolo bat da. Horrelako erasoren bat jasaten dutenek txoznetara gerturatu daitezke laguntza eske, bertan gau osoan egongo diren arduradunek adieraziko baitiete zer pauso eman kasu bakoitzaren aurrean", nabarmendu dute txozna batzordeko kideek.