'Konpromisoa' antzezlana ikusgai, bihar
Ostiral honetan, otsailak 19, 19:00etan "Konpromisoa” antzezlana eskainiko da Herri Antzokian.
Ordiziako Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren hirugarren saioa izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Txalo Produkzioak “Konpromisoa” lana aurkeztuko du. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.
'Konpromisoa' Philippe Claudel idazle frantsesaren izen bereko lanaren moldaketa da, Martin Agirrek euskarara itzulia. Zuzendaria Begoña Bilbao da eta antzezleak, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga. Bi lehenak ibilbide luzeko aktoreak dira eta hirugarrena aldiz, aski ezaguna, hasiera batean Real Sociedadeko (baita Real Unioneko) futbolaria izandakoa eta gaur egun Euskal Telebistako aurkezlea, 'Herri Txiki, infernu handi' saioan.
Antzerki taldeak zabaldu duen sinopsiak dioenez, «Tomas eta German aspaldiko lagunak dira; Tomas sasi-autore bat da eta German, bere lanbidean arrakasta handirik gabeko aktorea. Germanek arazo ekonomikoak dauzka eta bere apartamendua saldu beharra du, bai ala bai. Pisua erosi nahi duen batekin tratua egiteko geratu da eta Tomasi laguntza eskatu dio. Izan ere, bere idazlanak maila eskasekoak izan arren, zintzo plantak egiten ez du parekorik. Bere dohainik handiena da. Eroslearekin tratua egiteko prest daude. Eroslea edo engainatuko duten inuzentea? Eroslearen zain dauden bitartean, bi lagunak elkarri belarria goxatzen arituko dira, mokoka, adar jotzen. Baina, halako batean, egoerak okerrera egingo du. Aspaldi gordeta zeuzkaten erremin eta sumindurak elkarri botako dizkiote. Eroslea iristen denean, bi tratanteak eztabaidako punturik gordinean harrapatuko ditu. Erosleak ikusle soil baten jarrera hartuko du? Edo bi lagunen arteko sesioan epaile lanak egingo ditu? Edo okerrenera, bien arteko joko maltzur horretan, biktima bihurtuko ote da?».
Gizartean puri-purian dauden zenbait gai jorratuko dira obran zehar, hala nola, adiskidetasuna, etika edo elkarrekiko konpromisoa.
Sarrerak aurrez aldetik salgai: Herri Antzokian edo Kutxabank-sarrerak.