'Gazte' ikuskizuna, ostiralean Majori Plazan
Ostiral honetan, 19:00etan, “Gazte” ikuskizuna eskainiko da, Majori Plazan.
GAZTE, OINKARI Dantza Taldearen eta HIKA Teatroaren arteko hirugarren elkarlana da. Ikuskizun gaztea, gazteekin egina eta gazteak mintzagai. Zuzendaritza eta dramaturgiaz Agurtzane Intxaurraga arduratu da, eta koreografiak osatzen Eneko Gil dantzari eta koreografoa aritu da.
Hamar dantzari GAZTE (16 eta 24 urte bitartekoak) eszenan, Eneko Gil eta Agurtzane beraren kolaborazioarekin. Musikaz DJ Zigor arduratu da, eta Little Martin DJ eta Eneko Dieguez saxofonista ditugu zuzeneko musika egiten. Tradiziotik abiatuta, kaleko dantza, mugimendu eta hip-hop erritmoetan murgildu gara gazteen ahotsak plazaratzeko.
Publiko orori zuzendua dago.
Estetika eta lengoaia propio baten bila jarraitzeko asmoak eraginda, ikuskizunak Euskal Dantza abiapuntu izanda, Dantza Garaikidea eta garaiko dantza modernoak eta gorputz mugimendua uztartuko ditu, ahotsari eta testuari ere tokia utzita.
Musika aldetik ere, berrikuntzari ateak irekiko dizkio. Euskal folkloreko doinuei muzinik egin gabe, zuzenean entzungo diren erritmoek oinarri elektronikoa izango dute, Hip hop kulturaren kutsu handiarekin eta elektronikak sortzen dituen giroekin lagunduta.
Sarrera doakoa da eta librea, aforoa bete arte.