Asteartean 'Kontukontari' kale antzerkia, plaza nagusian
Datorren asteartean, hilak 7, La Enana Naranja taldeak "Kontukantari" ikuskizun familiarra aurkeztuko du Plaza Nagusian, arratsaldeko 17:30ean, haurrentzako musika ikuskizunarekin; sarrera dohan eta edukiera mugatua. Emanaldia Udaleko Kultura sailak antolatzen du eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak babestutako "Kale Antzerkia Bultzatuz" programaren barruan egiten da.
La Enana Naranja konpainia, titiriteroa bokazioz, Bilbon eratu zen, 1999an, egunerokotasunari hel diezaion familiako antzerki kritiko – konstruktiboa egiteko asmoz. Txotxongiloak bezalako zenbait elementu baliatzen ditu antzerki garaikidea garatu nahian. Hogeitabi urteko ibilbide honetan, umeei hurbiltzeko biderik aproposena txotxongiloak direla ikusi dute. Txotxongilo antzerki garaikidea egiten ahalegintzen dira, arte honen historian zehar beste sortzaile askok egindako lana ahaztu gabe.
Bere ibilbidean zehar mahai txotxongiloekin egindako trilogia nabarmenduko genuke: "Lolo; 215. Eskakizuna", "Imundo; Hesi-Puskatzailea", "Ma; Tren Taupadak". “Kontukantari”, txotxongiloekin egindako antzerki kontzertua, 2014ko abenduan aurkeztu zuten lehen aldiz. Konpainiaren azken egitasmoa “Altzoko Handia”, txotxongiloen opera izan da, Donosti 2016 eta Topic, Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroarekin batera ekoiztua.
Kontukantari ikuskizunak oroimenean dauzkagun abestiak bildu ditu eta horiek reggae, rapa edo bluesa bezalako erritmo desberdinetara eramango gaituzte. Sandra eta Boti txotxongiloen laguntzarekin betiko abestiak berrikusiko ditugu, nagusiek ez ahazteko eta txikiek ikasteko aukera izateko. Eta honela, Arratoitxoak itsasontzi batera igotzen, lanera joan nahi ez duten Txonbo eta Ziku, edo Nana eta Granu azokan txakur bat erosten ikusiko ditugu.
Errepertorioan, "Txiki Txikia", "Txakur bat", "Kanuto", "Txan Txibiri", "Ran Rober Ran", "Sorgina Pirulina", "Baga Biga Higa", "Ixil Ixilik", "Itsasontzi baten", "Ez goaz lanera" eta "gora ta gora beti".
Familia osoarekin musikaz eta txotxongiloen mundu magikoaz gozatzeko aukera paregabea datorren asteartean Plaza Nagusian.
Emanaldian hainbat arau bete beharko dituzte ikusleek:
Leku mugatuak izango dira, indarrean dagoen araudiaren arabera
Pertsonen arteko distantziak gorde beharko dira
Maskara jantzita edukitzea beharrezkoa izango da
Garaiz etorri, jende pilaketak saihesteko. Banan-banan esertzeko denbora beharko da
Une oro norbere tokian eserita egon beharko da emanaldia amaitu arte