'Pepa eta Kutxo pailazokeriak' ikuskizuna, asteartean
Datorren asteartean, hilaren 14an, Plaza Nagusian, arratsaldeko 17:30etan Xilipurdi Antzerki taldeak “Pepa ta Kutxo pailazokeriak” ikuskizuna aurkeztuko du familia ororentzako, Udaleko Kultura sailak antolatuta eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako «Kale antzerkia bultzatuz» programaren barruan.
Teatro Trapero antzerki taldea (orain Xilipurdi Antzerkia) Pariseko Jacques Lecoq eskolako hainbat ikasle diplomatuk sortu zuten 1989an, pantomima, clown, parte hartzea eta txotxongiloetan oinarrituta. Bere ikuskizunetan partaidetzak indar handia du eta musikari ematen zaion garrantzia zeharo kontutan hartzekoa da. Xilipurdi Antzerkia 33 urtetako ibilbide honetan, umorez betetako ikuskizunak sortu ditu, gaiak egunerokotasunari lotutak beti. Hau talde identitatearen ezaugarri bat da eta bestea berriz, ikuslegoarekin sortzen duten harremana.
Xilipurdi Antzerkiko partaideek beste talde batzuekin kolaboratu dute: Tarima, Maskarada, Geroa, La Tuchenne, Q Teatro, Pampol Teatre, La Tirili, Goloka, el tenderete, Tira ta Floja, Cambaleo, Biribil Zirko, Zirko Imprevisto, Teatro de Mimo Peter Roberts, Pantarhei, etabar.
“Pepa ta Kutxo pailazokeriak” lana klown ikuskizuna da eta bertan elementu asko nahasten dira: pailazo klasikoen jokuak, mimo, partaidetasun antzerkia, objektuen antzerkia, absurdoaren antzerkia...
Xilipurdik, hiru hamarkada bilatze lanean aritu ondoren, zenbait egoera barregarri asmatu ditu ikuslegoari eskaintzeko bere konplizitatearen truke. Hitzordua asteartean izango da, Plaza Nagusian, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.
Emanaldian bertan hainbat arau bete beharko dituzte ikusleek:
Leku mugatuak izango dira ekitaldietan, indarrean dagoen araudiaren arabera
Pertsonen arteko distantziak gorde beharko dira
Maskara jantzita edukitzea beharrezkoa izango da
Garaiz etorri, jende pilaketak saihesteko. Banan-banan esertzeko denbora beharko da
Une oro norbere tokian eserita egon beharko da emanaldia amaitu arte