Udazkeneko hitzorduari leial, aste bukaera honetan, igandean hain zuzen,  hasiko da Ordizian BARROKO AIRE, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXVI.ekitaldia. Eta jaialdi horrek Ordizian segituko du hilabete honetako igandeetan; herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira 18:30etan,   Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta.

“Aurten ere Barroko Aire zikloa izango dugu azaroko igandeetan, herriko parrokian. Badakigu jendeak gogoz itxaroten duen hitzordua izaten dela, eta aurten ere lau kontzertu bikainez gozatzeko aukera izango da, doan”, zehaztu du Lander Mujika, kultura zinegotziak.

Aurtengo egitaraua igandean, hilak 7, hasiko da, Oñatiko Ganbara Abesbatza eta Aequus Ensemblerekin. Ondoren, hilaren 14an, Ensemble OBNIren (identifikatu gabeko objektu barrokoa) proposamena etorriko da, Miriam Hontana gaztearen ekimena, XVII. eta XVIII. mendeko biolinerako errepertorio bikainerako zuen grina askatzeko. Hilaren 21ean, La Guirlande taldearen txanda izango da. XVIII. eta XIX. mendeetako musikaren interpretazio historizistan espezializatutako ensembleetako bat da eta "Virtuosos viajeros españoles en la Europa de la Ilustración" izeneko programa erakargarria aurkeztuko dute. Eta azaroaren 28an, Ander Telleria soinujolearen proposamen interesgarri batek emango dio amaiera jaialdiari. Anna Margules flauta-jotzailearekin eta Tetraphilla ahots-taldearekin batera, honako kontzertu hau aurkeztuko dute: « Ad Maiorem Dei Gloriam”, Loiolako San Inazioren bizitzako ibilbide bat, bere garaiko musikaren bidez.

Zikloko lehen kontzertuan, euskal interpreteek protagonismoa izango dute, Oñatiko Ganbara Abesbatzak, Aequus Ensemble ganbera-orkestrak, Irene Fraile sopranoak, Nerea Gonzalez kontraltoak, Aitor Garitano tenorrak eta Ander Simal baritonoak parte hartuta, guztiak Aitor Biainen zuzendaritzapean.

TOTAL BACH izenburua daraman kontzertu honetan, Ganbara Abesbatzak eta Aequus Ensemblek Bachen kantatak eta moteteak eskainiko dituzte. Lehenengo zatian Aus der Tiefen rufe ich, Herr, zu dir BWV 131 eta Nach dir, Herr, verlanget mich BWV 150 kantatak izango dira nagusi eta bigarrenean, berriz, BMV 227, Jesu Meine Freude motetea. Johann Sebastian Bach-en kantatak egun musika munduan dauden altxorrik preziatuenetarikoak dira.

Ganbara Abesbatza 1994an 12 gaztek sortutako ahots nahasien abesbatza da. Urtez urte, ilusio berarekin, taldea haziz joan da, egun, Aitor Biain Bidarteren zuzendaritzapean, 30 pertsona inguruko taldea osatu arte. Errepertorioan mota eta garai guztietako lanak ikus ditzakegu: polifonia, folklorea, gospel, espiritualak… euskal folkloreak eta gaur egungo konposatzaileek abesbatzaren egitarauetan zati garrantzitsua osatzen dute.

Bi hamarkada pasatxo hauetan, Ganbara Abesbatzak hainbat lehiaketatan hartu du parte, eta horren fruitua, hainbat lehenengo, bigarren eta hirugarren sari, lan baten interpretazio hoberenaren saria, zuzendari hoberenaren saria,… aitortza guzti hauek Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko abesbatzen lehiaketetan lortutakoak. Sari horietaz gain, Ganbara Abesbatzak hainbat jaialditan hartu du parte eta kontzertu ugari eskaini du, Euskal Herrian, Estatuan zein atzerrian.

Sari horietaz gain, Ganbara Abesbatzak hainbat jaialditan hartu du parte eta kontzertu ugari eskaini du, Euskal Herrian, Estatuan zein atzerrian. Sortu zenetik gainera, hiru disko grabatu ditu: “SAGATZ”, 2004ko abenduan, “AMARAUN”, 2014ko abenduan, “GURE BIDEA”, 2018ko azaroan

“Barroko Aire” giroarekin hitzordua, igande honetan Ordiziako Parrokian ; J.S. Bachen musikaz gozatzeko aukera paregabea, Ganbara Abesbatzaren eta Aequus Ensembleren eskutik.

 

Hemen duzue programa osoa: Barroko Aire 2021