Oiasso Kameratak itxiko du aurtengo Barroko Aire
Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Barroko Aire kontzertu zikloarekin amaitzeko, igandean, hilak 27, Ordiziako Parrokia Elizan, arratsaldeko 18:30etan, azken kontzertua entzuteko aukera izango dugu, “Oiasso Kamerata” taldearen eskutik; “Barroko ala ez barroko?” Ordiziako publikoari zuzendutako erronka musikala.
Oiasso Kamerata Irungo hari orkestra bat da, erromatar garaian Oiasso zeritzana. Haien ibilera 2014an hasi zen Raffaela Acella zuzendari artistiko zutelarik. 2016an zuzendaritza artistikoa Tomas Ruti Vilarrek jaso zuen soinu kalitatearen helburua aurrera eramanez.
Bere ibilbidean Kamerata herrialde ezberdinetan edota beste kontzeptu batzuetan oinarritutako esperientzia musikalak eskaintzen saiatu da. Horrela, honako programak aurkeztu ditu: Egitarau Latinoa, Viaggio Musicale, God save the strings!, Con aire de tango, Marina Beheretche biolinista haundiaren laguntzarekin eta Gerra eta Bakea, errusiar konpositoreen musikaren adibide. Euskal musikaren arloan, Valentín Larrearen musika interpretatzeko erronkari heldu dio, bere harizko obra ezagutzera emanez.
Ondorengo ziklo eta jaialdietan hartu dute parte: Donostiako Musika Hamabostaldia, Barroko aire (Ordizia), Durangoko Musika Hamabostaldia, Zarauzko Udako Musikaldia, Irungo Ricardo Requejo ganbara zikloa, Azkoitiko Udaberriko Musikaldia, Igartzako Musika zikloa (Beasain), Tolosa, Hondarribia...
Halaber, bakarlari ezberdinekin eman ditu kontzertuak, Eduardo Mocoroaren musikarekin disko bat grabatu du, eta Opus Lirica konpainiarekin elkarlanean Pergolesiren “La Serva Padrona” opera interpretatu du Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Bere hezkuntza proiektuan haurrei zuzendutako kontzertu didaktikoak aipatu behar dira.
Ordizian 6 obrako kontzertua eskainiko dute. Hasteko, Handel-en “Passacaglia” bat, kalejira antzeko bat da baxu errepikakor baten gainean doazen bariazio jarraiekin. Jarraian, Giulio Cacciniren “Ave Maria” eta Georg Philipp Telemannek harietarako idatzitako obertura-suite guztien artean dibertigarrienetako bat, “On Kixote Burleskoa”. Obra honen ondoren, Luigi Boccheriniren “Hari eta gitarrarako 4. kintetotik fandangoa” eta Astor Piazzollaren “Buenos Aireseko negua”. Amaiera emateko berriz, Geminiani eta Wianckoren “La follia”, progresio harmonikoa.
Biolin, biola, biolontxelo eta kontrabaxuarekin, gonbidatu berezi moduan Carmen Bezerra gitarra eta Elur Arrieta perkusioa izango dira.