Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia ospatuko da Ordizian
Beste urtebetez bueltan da Ahoz Aho, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, Ordizia eta Tolosa zutabe nagusi izango dituen jaialdia.
“Aurten ere oso pozik gaude Ahoz Aho programa ospatuko dugulako. Elkarlanean programa zabala antolatu dugu, eta gurean izango ditugu Euskal Herriko zein atzerriko puntako ipuin kontalariak. Euskal kulturaz eta atzerrikoaz gozatzeko aukera izango dugu honela. Ipuinen bidez emozio eta sentimenduak azaleratuko ditugu aurten ere”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Gainera, XII. Ipuinen Ahozko Narrazio lehiaketa ere ospatuko dugu Ordizian. “Oso lehiaketa ederra da. Edonork parte har dezake, profesionala izan edo ez, eta zortzi minutuko istorio, ipuin… bat kontatu beharko dute parte hartzaileek. Sailkapen Saioa otsailaren 17an, larunbata, egingo dugu D´elikatuzen, eta final handia, Ahozkotasunaren Gala Nagusia, martxoaren 22an izango da, Barrenan. Bertan parte hartzeko deia egiten dizuegu, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean izena emanik, ekimen oso aberatsa baita”, gehitu du Ezenarrok.
Epaimahaiak eta publikoak erabakiko dute zeintzuk izango diren aurtengo irabazleak. Lehen sailkatuak 300 euro eskuratuko ditu, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak.
Hainbat herritan ospatuko dira ekintzak, eta hemen dituzue Ordiziakoak.
Aurtengo Ahoz Aho programako lehen Saioa XII Ipuin narrazio lehiaketako sailkapen saioa izango da, otsailaren 17an, 19:00etan, D´elikatuzen. Ane Gebarak egingo ditu aurkezle lanak eta Yaima Orozko kubatarra izango da gonbidatua.
Martxoaren 2an familiei zuzendutako saioa eskainiko dute Ane Gebara euskaldunak eta Nelson Calderon kolonbiarrak. 17:00etan, izango da, Barrena Jauregian. Egun berean, 19:00etan Plaza Nagusi eta Garagartza Plazan Eneko Gutierrez, Maria Arandia eta Diego Calaviak ‘Gertuko Magia’ saioa eskainiko dute, familientzat.
Martxoaren 6an, Maider Alcelay izango da umeei saioa eskaintzen Urdaneta ikastetxean, 10:00etan.
Martxoaren 7an, berriz, Marta Saenz de la Calzada eta Iñaki Carreterok 17:30ean emanaldia eskainiko dute Barrena Jauregian, familiei zuzenduta.
Martxoaren 14ean Jakintza Ikastolan izango da 10:00etan, Ixabel Millet. Saio hau ere umeentzako eskainitakoa izango da.
Martxoaren 20an, 18:00etan, Goiztiri AEK Euskaltegiari bideratutako saioa emango du Amaia Hennebuttek, Barrenan.
Eta amaitzeko, Ahozkotasunaren Gala Nagusia eta XII. Ipuin Narrazio Lehiaketa izango dugu. Bertan, Iñaki Carretero izango da aurkezlea. Martxoaren 22an izango da ekitaldia, 19:00etan, Barrenan.