Image
Image
Herri Antzokia babesteko prozesua abiatzea lortu du Udalak

Gaur, azaroak 10, Ordiziako Herri Antzokiak 97 urte betetzen ditu. Domingo Unanue arkitekto ordiziarraren obra da. Madrilgo Arkitektura Eskolan arkitektura ikasi zuen, eta 1926. urtean eskuratu zuen titulua eta 26 urte zituela, 1928an, bere lehenbiziko lana eraiki zuen, hain zuzen, Legorretako paper fabrikaren jabe zen Juan Jose Etxezarretarentzat Ordizian eraiki zuen zine-antzokia, gaur egun Herri Antzoki bezala ezagutzen duguna.

“Arkitektura aldetik oso eraikin interesgarria da, baina horrez gain, gaur egun ez-ohikoa den gauza bat ere gertatzen da Herri Antzokiarekin: sortu zenetik haren funtzioa berdina izan da, alegia, zine-antzoki bezala sortu zuten eta egun ere hori da funtzioa. Ez dut uste eraikin askorekin pasako denik hori. 1928aren azaroaren 10ean inauguratu zen, eta kronologiari erreparatuz soilik, Euskal Herria osoko eraikin arrazionalista edo modernoetan aitzindarienetakoa da”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Alkateak berak lortu zuen Victor Mendizabal II. ikerketa beka 2013an eta bertan Domingo Unanue arkitekto ordiziarraren lana aztertu zuen.

Etorkizuneko Herri Antzokia

2022an egin zen Kulturlab prozesuaren azken urratsa. Aurrez, Ordiziako kultur bizitzaren inguruko hausnarketa egin zen, eta 2021ean Ordiziako kultur ekipamenduen berrantolaketa bideratzeko prozesu parte-hartzailea egin zen. Azken urrats horretan Ordiziako kultur eragileen parte hartze zabala izan zen: “oso prozesu interesgarria izan zen, komunitate ikuspegia izan genuen ardatz, eta herriko kultur eragileen parte hartzeak egin zuen aberats; bakoitzak bere behar eta nahiak azaldu zituen, eta elkarrekin etorkizuneko Herri Antzokia diseinatzeko lerroak adostu genituen”.

Prozesua oso aberatsa izan zen, eta bertan agertu ziren ideiak egikaritzea urte askotako erronka bat izango da. “Gu urratsak ematen hasi gara, eta dagoeneko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari eraikina babesteko”.

2021eko uztailaren 2an egin zen hain zuzen ere eskaera. Ordiziako hirigintza plangintzak modu lokalean eraikina babesten badu ere, ez dago kultur ondare bezala izendaturik, eta hori eragozpen handia da. “Izendapen hori lortzea, eraikinaren balioari aitortza egitea ez ezik, beronen biziraupena bermatzeko ekintza ere izango litzateke. Izan ere, horrek bide irekiko ligukeelako, Espainiako Kultura Ministerioaren edo Europako bestelako laguntzak lortzeko, eta baita Eusko Jaurlaritzak edo Gipuzkoako Aldundiak eman ahalko lizkigukeenetarako. 1928an mende bat beteko duen eraikina birgaitzea, eta oraindik ere, sortu zen helburu berdinerako mantentzea, hots, kultur azpiegitura izateko, guztion ardura izan beharko litzateke, eta mendeurrenera egoera egokian heltzea nahi badugu, lehenbailehen lanean hastea ezinbestekoa da”, gehitu du alkateak.

Eraikinak 97 urte betetzen dituen honetan berriki jaso dugu Eusko Jaurlaritzako kultura sailaren jakinarazpena adieraziz Euskal Kultura Ondarearen Zentroko teknikoek Herri Antzokiaren balio kulturalaren buruzko azterketa egingo dutela Kultura Ondasun izendatzeko lehen urrats bezala. “Ez daukagu zalantzarik Ordiziako Herri Antzokiak Kultura Ondasun izendatzeko baldintza guztiak betetzen dituela eta horregatik ziur gaude txosten horiek berretsiko dutela eraikinaren balioa”.

Herri Antzokia bere osotasunean Kulturlab prozesutik ateratako norabidean birgaitzeko ezinbestekoa da babesa lortu eta dirulaguntzak eskuratzea. Baina paraleloan, hasi gara birgaitze horren lehen urratsak ematen. Gauzak honela, urte hau amaitzerako dagoeneko idazten ari diren igogailu berriaren proiektua izango dugu. Igogailuak Anpuero eta Etxezarreta kalea lotuko ditu baina Herri Antzokia bera ere berrantolatzeko balioko du. Honela, sarbide berria egingo zaio bi kaleen artean dagoen tarte-solairuari (Cartonajes Nadal) eta Anpuero kaleko biltegian ere Kulturlab prozesuan adostasunez erabaki zen bezala kontzertu eta ekitaldietarako eremu xume bat sortuko da. Helburua da birgaitze orokorra egin baino lehen ere urratsak ematea eraikinaren erabilera gradualki hasteko, kulturara bideratzeko.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza