Ateak Ireki 2025 egitasmoak, hirugarren urtez jarraian, Ipar Ameriketako 16-25 urteko euskal jatorriko gazteak ekarriko ditu Goierrira udan. Egonaldia bertako familiekin egidute, ekainaren 28tik hasi eta uztailaren 20ra arte. Gaur aurkeztu da egitasmoa Ordizian, Goieki Garapen Agentziaren egoitzan egin den ekitaldian.
Ekainaren 28an iritsiko dira diasporako gazteak Goierrira. Astean zehar, Maizpide barnetegian jasoko dituzte euskara eta kultura eskolak, eta asteburuetan familiekin egoteko denbora izango dute. Horrez gain, lehen astean, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, uda ikastaroetako euskal dantza ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute. Gainera, egun osoko irteerak antolatu dira, eta Goierri hobeto ezagutzeko hainbat bisita eta ekintza egingo dituzte.
Aurkezpenean, Asier Areitio Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako eta Erakunde Multilateraletarako Zuzendariak, Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernantza diputatuak, Iñaki Goirizelaia Batzen elkarteko lehendakariak, eta Adur Ezenarro Goiekiko lehendakariak parte hartu dute.
Areitiok gogorarazi du, "diaspora ez dela iraganeko gauza, komunitate bizi eta aberatsa" baizik. Horregatik, bere zuzendaritzatik, "Diasporaren inguruko gogoeta" sustatu nahi dutela azaldu du, batetik, "euskal etxeak berrindartu eta berriak zabalduz", baina baita proiektu berriak bultzatuz ere, eta Ateak Ireki egitasmoa jarri du horren adibide modura. Berasaluzek berriz, "diaspora euskararen zortzigarren lurraldea" dela ekarri du gogora, eta egitasmo honen garrantzia azpimarratzearekin batera, "Goierriko familiak animatu" nahi izan ditu, kanpotik datozen ikasle hauek beraien etxeetan har ditzaten.
Ezenarrok, berriz, Ateak Ireki "Goierrin errotzen doan ekimena" dela azaldu du, eta dagoeneko hirugarren urtea beteko duela. Hala, "hobetzen eta indartzen" doala dio, "hau fondoko lasterketa bat da, eta harremanak iraunkortzeko lanean" segi behar dela uste du. "Euskaldun asko dago munduan zehar, eta komunitatea pertsonen arteko harremanen bidez eraikitzen da; proiektu hau da horren adibide. Goierritik ere komunitate horri ateak ireki nahi dizkiogu, gure kultura, izaera eta giro euskalduna, hori guztia eskaini gazte hauei".
Jean Flesher NABO (North American Basque Organizations) erakundeko lehendakariak ere parte hartu du ekitaldian, Ameriketatik bidalitako bideo batekin. Bertan, euskal erakundeen eta euskal familien babesa eta laguntza eskertu nahi izan ditu.
Goierriko familiei deia
Ateak Ireki 2025 egitasmoaren antolatzaileei Goierriko familiei dei berezia egin diete, Ipar Ameriketako euskal gazteei etxeetako ateak ireki diezaieten. "Etorkizuneko zubiak eraikitzeko, bizi guztirako harreman pertsonal estua lortzeko aukera paregabea da denontzat, aprobetxa dezagun".
Goierrin hasita Euskal Herri osora zabaldu nahi den programa hau, etorkizunean, Estatu Batuetako euskal diasporatik mundu osora ere salto egitea da antolatzaileen asmoa. Proiektuak, epe ertain-ñizera begira, helburu zehatz hauek bete nahi ditu:
Ateak Ireki 2025 egitasmoa, Batzen Kultur Elkarteak antolatzen du, NABO elkartearekin eta Goiekirekin elkarlanean. Herri proiektu bat den heinean, Goierriko hainbat udalek eta elkartek ere parte hartzen dute. Laguntzaileen artean daude, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako eta Biziako Foru Aldundiak, Maizpide Euskaltegia, NABO (North American Basque Organizations), Goieki eta Goierriko Udalak, eta nola ez, gazteak euren etxeetan hartzen dituzten Goierriko familiak.
Aurtengo edizioan 46 gaztek eman dute izena, eta horietatik 33k izango dute aukera uda hontan Euskal Herria ezagutzeko. Gazte horietako gehienak, California, Idaho, Utah eta Nevada estatuetatik datoz.