Image
Image

Ordiziako Udalak euskara ikastea eta erabiltzea sustatzeko konpromisoari eutsiz, euskara ikasteko dirulaguntzen deialdia jarri du martxan. Guztira, 26.000 euroko aurrekontua bideratuko da herritarrei eta Ordiziarekin lotura duten langile, entrenatzaile eta begiraleei euskara ikasten edo hobetzen laguntzeko.

Dirulaguntzen helburua da euskaltegietako matrikula-kostuaren zati bat edo osorik itzultzea, ikasleen egoeraren eta ikastaroaren aprobetxamenduaren arabera. Horrela, Udalak euskara ikasteko bidea erraztu nahi du, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera indartuz.

Eskaera egiteko baldintzak

Laguntzak eskuratu ahal izango dituzte 16 urtetik gorako Ordizian erroldatutako herritarrek, baita Ordizian egoitza duten eta Udalarekin euskara sustatzeko hitzarmena sinatuta duten enpresa edo merkataritza-establezimenduetan lan egiten duten pertsonek ere. Era berean, hitzarmena duten Ordiziako kirol-taldeetako entrenatzaile eta begiraleak ere eskatu ahal izango dituzte.

Diruz lagundu ahal izango dira HABEk homologatutako euskaltegietan egindako ikastaroak, 2025eko irailetik 2026ko irailera bitartean burututakoak. Horien artean sartzen dira ikastaro arruntak, barnetegiak, autoikaskuntza-programak eta udako ikastaroak. Zenbait kasutan, homologatu gabeko ikastaroak ere lagundu ahal izango dira, baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.

Dirulaguntzaren zenbatekoa matrikularen kostuaren araberakoa izango da. Ordizian erroldatutako ikasleek matrikularen %100era arteko laguntza jaso ahal izango dute baldintzak betetzen badituzte; erroldatu gabe baina hitzarmena duten erakundeetako kideek, berriz, %85era artekoa. Oro har, gehienezko dirulaguntza 530 eurokoa izango da urtean, eta 650 eurokoa barnetegien kasuan.

Laguntza jasotzeko, besteak beste, beharrezkoa izango da ikastaroan gutxienez %80ko asistentzia egiaztatzea eta dagokion administrazioarekiko betebeharrak egunean izatea.

Eskaerak aurkezteko epea

Eskaerak ikastaroa amaitu ondoren aurkeztu beharko dira, aurreikusitako epeen barruan. Salbuespena, ikastaro arrunten kasua izango da; uztailaren 17ra arteko epea izango da eskaerak aurkezteko. Izapideak aurrez aurre egin ahal izango dira Herritarren Arretarako Bulegoan, edo modu telematikoan, Ordiziako Udalaren webgunearen bidez.

Ordiziako Udalak herritarrak animatu nahi ditu aukera hau baliatzera eta euskararen ezagutza zein erabilera indartzera, hizkuntza komunitatea sendotzen eta herri euskaldunago bat eraikitzen laguntzeko.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza