IMG 3775Igor Eguren alkateak eta Azeari Andonegi Sasietako Mankomunitateko presidenteak ordiziarrak zoriondu dituzte

Joan den ostiralean, uztailaren 12an, hasi zen Atez ateko bilketa Ordizian, eta lehen hiru bilketa egunak pasatuta, Ordiziako Udala eta Sasieta Mankomunitatea oso pozik azaldu dira herritarrek erakutsi duten jarrerarekin.  "Dena primeran joan da. Herritarrak zoriondu nahi nituzke erakutsi duten jarrera arduratsuarengatik eta Ordizia iraunkorrago baten alde hartutako konpromisoarengatik. Denon artean Ordizia Zero Zabor norabidean jartzea lortuko dugu", adierazi du Igor Eguren alkateak.


Egurenek nabarmendu du bilketa sistema berriarekin posible izango dela hondakinen %80a birziklatzea, gaur egungo birziklatze tasa bikoiztuz. "Ordizian hiru urte daramatzagu organikoa biltzeko edukiontzi marroiarekin, eta %36 soilik birziklatzea lortu izan dugu. Atez atekoa bilketa sistemarik eraginkorrena da, eta emaitzek erakutsiko dute hartutako bidea egokia dela. Bide horretan herritarrak lagun izango ditugu, ziur gaude".

Behin sistema ezarrita, atez atekoa eraginkorra izatea eta emaitza onak lortzea herritarren borondatearen araberakoa dela argi du Egurenek. Horri lotuta, herrian kontrakotasuna ere badagoela adierazi du, eta Ordiziako Udalak egoera horri buelta emateko konpromisoa duela gaineratu du. "Ohitura aldaketa bat suposatzen du, baina herritarrei lasaitasun mezua helarazi nahi diet, hasi orduko konturatuko baitira erraza dela".

Herritarren parte-hartzeari esker ona
Azeari Andonegi Sasietako Mankomunitateko lehendakaria ere pozik azaldu da Ordizia ere atez ateko bilketarekin hasi delako. "Bilketa sistema berriarekin posible izango da % 80 baino gehiago birziklatzea, hala gaur egungo tasa 40 puntutan handituz, eta hori dena, herritarrei esker", adierazi du.

Andonegiren esanetan, oso arrakastatsua izan da bai atez ateko bilketa diseinatzeko parte-hartze prozesua eta baita material banaketa ere. "Herritarren inplikazioa eta erakutsi duten ardura benetan txalotzekoa iruditzen zaigu eta erakutsi duten parte-hartze aktiboa eskertu nahi dut batetik, eta bestetik, herritarrei eskatu nahi diet orain arte bezala jarraitzeko".

Era berean, ziur azaldu da denbora gutxian Ordiziak izugarrizko birziklatze datuak emango dituela. "Hor daukagu Legorreta, Zaldibia eta Itsasondoko adibidea. Martxoaren 21ean Atez Atekoarekin funtzionatzen hasi zirenetik nabarmen hobetu dituzte datuak: Legorretan lehenagoko tasa bikoiztea lortu dute, Zaldibian berriz ia hirukoiztu egin dute eta % 85ean dago; eta Itsasondon % 90era ari dira gerturatzen".

Seguran atez atekoa uztailaren 4tik martxan dagoela gogoratu du Andonegik, eta izugarri emaitzak onak lortzen ari dela aurreratu. "Esan erraz egiten da, baina lorpena herritarren eguneroko ahaleginari esker bakarrik da posible. Espero dugu, laster Ordizia ez ezik, Lazkao ere norabide berean sartua izatea".

Sasietako lehendakariaren ustez, birziklapenaren aurrean ezin da intsumiso izan, eta herritar guztiak animatu ditu aurrerantzean ere orain arte bezain arduratsu eta aktibo jokatzera, guztion artean Goierri jasangarri eta eredugarri bat eraikitzeko.

Festetan ordutegi aldaketa
Igor Eguren alkateak, bestalde, herritarrei ohar pare bat emateko ere baliatu du agerraldia. Santa Ana jaiak gainean direla eta, ordiziarrei gogorarazi die datorren ostiral eta larunbatean (uztailak 19 eta 20), eta uztailaren 24tik 27ra bilketa ordutegia ezberdina izango dela. 13:30ak eta 15:30ak bitarte atera beharko dira hondakinak egun horietan.
Horrez gain, Egurenek aurreratu du gaurtik aurrera Atez atekoaren informazio bulegoa egunero egongo dela zabalik goiz eta arratsalde, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara.
Kaleetako edukiontziak kentzen ere gaur bertan hasi dira Sasietako langileak, Atez ateko egutegiaren ordena berean. Gaur urdinak kenduko dituzte, bihar marroiak, etzi horiak eta ostegunean berdeak.