GAUR GOIENER PROIEKTUAREN AURKEZPENA
Aurkezpenaren aurretik, Santiago Ochoa de Eribe ingeniariak enpresa elektrikoei buruzko hitzaldia emango du
Ordiziako Goierriko Baratza elikagai ekologikoen dendak Biolurrekin eta Zerain Dezagun Fundazioarekin elkarlanean antolatu duen IV. Nekazaritza Hamabostaldiaren barruan, bi ekitaldi egingo dira ostegunean, irailak 26, Barrena kultur etxean. Batetik, Santiago Ochoa de Eribe industria ingeniariak enpresa elektrikoei buruzko hitzaldia emango du 19:00etan, eta horren ondoren, Goiener proiektuaren aurkezpena egingo da.
Enpresa elektrikoak, nagusitasunaren eta beharraren artean izeneko hitzaldia egingo du Ochoa de Eribek. Enpresa elektrikoek duten botereaz ariko da, eta argindarraren faktura ordaintzerakoan erabiltzaileek zehazki zer ordaintzen duten azalduko du. Eguzki energiaren garapenaz eta bidean aurkitzen dituen oztopoez ere hitz egingo du.
Goienerren aurkezpena
Hitzaldiaren ondoren, energia berriztagarrien alde apustu egin duen Goiener kooperatibaren proiektua aurkeztuko da toki berean. Goienerrek Ordizian du egoitza, eta gaur gaurkoz 600 bazkide ditu. Ehunka bazkide izango dituen irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat izatea da bere helburua, eta bide batez, gaur egungo energia eredua aldatzea eta energia berriztagarriekin %100ean lan egitea.