MUGIKORTASUN IRAUNKORRERAKO I. PLANA ORDIZIAN
Planaren ardatz nagusiak ezagutzera eman eta herritarren iritziak jasotzeko erakusketa bat zabaldu du udalak Barrenako ezkaratzean
Ordiziako Udaleko Garapen Iraunkor eta Mugikortasun sailak urte hasieratik hona landu duen Mugikortasun Iraunkorrerako I. Plana esku artean du dagoeneko. Lau helburu orokor jasotzen ditu planak, eta baita datozen urteetan Ordizian egin daitezkeen hamahiru ekintza ere. Plana ezagutzera eman eta herritarren iritziak jasotze aldera, gaurtik azaroaren 11ra bitartean Barrenan ikusgai egongo den erakusketa bat ere prestatu du udalak.
Igor Eguren alkateak eta Iban Asenjo Garapen Iraunkor eta Mugikortasunerako zinegotziak aurkeztu dute gaur Mugikortasun Iraunkorrerako I. Plana Barrena kultur etxeko ezkaratzean, eta baita horren harira sortutako erakusketa ere. Endara ingeniaritza enpresaren laguntzarekin diseinatu du plana udalak, eta 32.912 euroko kostua izan du. EEE Energiaren Euskal Erakundeak 16.620 euroko diru laguntza eman du, kostuaren erdia. Plana Ordiziako Udalaren webgunean kontsulta daiteke.
Planaren helburu orokorrak
Lau dira mugikortasun planaren helburu orokorrak, Iban Asenjok aurreratu duenez: hiritarren bizi kalitatea hobetzea; hirigintza plangintza iraunkor bat sustatzea; energiaren balantzea hobetzea; eta biztanle guztiak kontuan hartzen dituen hiri antolaketa bat egitea.
Hiritarren bizi kalitatea hobetzeari dagokionez, honako puntuei erreparatzen die planak: espazio publikoak oinezkoari itzultzea; zarata, kutsadura eta auto pilaketak murriztea; norberaren mugikortasuna alderdi arduratsuago eta iraunkorragoetara bideratzea; bide segurtasuna bermatzea, oinezkoak eta txirrindulariak babestuz; eta irisgarritasuna bermatzea.
Hirigintza plangintza iraunkorrago bat sustatzeko garaian, promozio berriak automobilaren erabilera ez errazteko moduan antolatu behar direla uste du zinegotziak, "garraio publiko, oinezko eta txirrindularien onurarako". Energiaren balantzea ere hobetu nahi da plan honen bitartez, "erregai solidoetan oinarritutako energiaren kontsumoa murriztuz eta hiritarrei mugikortasunaren inguruan dauzkaten usadioak aldatzeko erraztasunak emanez".
Azkenik, biztanle guztiak kontuan hartzen dituen hiri antolaketaz ere hitz egiten du mugikortasun planak. Asenjok honako datuak jakinarazi ditu: "Autorik ez dutenak (haurrak, adinekoak, elbarriak...) autoa dutenak adina dira. Autoena oso jabetza maskulinoa da, autoak dituzten emakumezkoak gizonezkoak baino gutxiago dira. Era berean, garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak emakumeak, gazteak eta adinekoak dira".
Geltokia eta Bonberia arteko bidegorri zatia
Bide horretan, eta mugikortasunari lotutako obrei dagokionez, Asenjok gogoratu du orain egun gutxi bukatu direla tren geltokitik Bonberia pareraino doan bidegorri zatiaren pintatze eta seinaleztatze lanak. 280 metro dira guztira, eta Goierriko Goraiki enpresak egin ditu lanak 97.728 euroan. Gipuzkoako Foru Aldundiak 55.000 euroko diru laguntza bideratuko lan horiek finantzatzeko.
Bidegorria Bonberiaraino iritsita, 3.100 metro bidegorri izango du Ordiziak. Bidegorri zati hau Gipuzkoako Donostia-Beasain 3. ibilbideko zatia da, eta Asenjoren esanetan, Goierriri dagozkion lanak agintaldi honetan bukatuta egotea aurreikusten da. "Beasain aurten hasiko da bere zatiarekin, eta Itsasondo-Ordizia lotura, San Joango mugan, 2014aren hasieran egitea aurreikusten du Diputazioak. Lotura hau bukatuta, Goierriko ardatz nagusia eginda egongo da eta Tolosalde osoarekin lotura erosoa eta eraginkorra lortuko dugu".
CAF enpresak pasabidea jartzeaz bukatzen duenean eta dagozkion urbanizazio lanak bukatu ondoren, Ordizia eta Lazkao artean dagoen Beasaingo ibilbide motz bat geratuko da lotzeko. CAFek du hartua zati hori egiteko konpromisoa.
Asenjok gogoratu du aurtengo otsailean Jakintza Ikastolarainoko bidegorri zatia ireki zela, eta zabaldu berri den zati honekin, mugikortasun iraunkorraren alde egindako apustuan berresten dela Ordiziako Udala. "Apustu horri bultzada berezia eman nahi diogu, auto pribatuaren aurrean oinezkoak, txirrinduak eta garraio publikoa lehenetsiz".
Herritarren iritzia jasotzeko erakusketa
Planaren ardatz nagusiak ezagutzera eman eta herritarren iritzia jasotzeko, erakusketa bat ere zabaldu du gaur udalak Barrenako karreran. Azaroaren 11ra arte egongo da ikusgai, eta Barrena irekita dagoen ordutegian bisitatu ahalko da. Paneletan jarritako planoz eta irudiz hornituta dago erakusketa, eta plana osatzen duten proposamen nagusienak aurkezten dira bertan.
"Argi utzi nahi dugu erakusketan jasotzen direnak proposamenak direla, eta proposamen horiek herritarrekin partekatu nahi ditugu, haien iritziak jasotzeko", azaldu du Igor Eguren alkateak. Hamahiru proposamen horietatik hiru aukeratu beharko dituzte herritarrek galdetegi bat betez, norberak dituen lehentasunen arabera. "Bidegorri sarearekin, aparkalekuen egoerarekin eta oinezkoen joan-etorria hobetzearekin zerikusia duten proiektuak dira".