OREJA PARKEAN ERE HASI DIRA AUZOKONPOSTA EGITEN
Eremu horretako sei familia ari dira joan den astelehenetik; beste lau gune ere prestatzen ari da udala
Joan den astelehenaz geroztik, azaroak 18, Ordiziako beste sei familia ari dira auzokonposta egiten Ordiziako Udalak Oreja parkean jarri duen auzokonpostgune berrian. Ordizian martxan dagoen bigarren auzokonpostgunea da, lehena aurtengo apirilean jarri baitzen martxan Arabako kaleko berdegunean. Joan den astean martxan jarri zenaz gain, udala beste lau gune prestatzen ari da.
Oreja parkeko auzokonpostgunean eremu horretan bizi diren sei familia ari dira parte hartzen. Gaur zortzi elkartu ziren familia horietako ordezkariak, Iban Asenjo Garapen Iraunkorreko zinegotzia, Leire Garmendia Ingurumen teknikaria eta Sasietako teknikariak. Azken horiek konposta egiteko azken gomendio eta gakoak eman zizkieten auzotarrei. Gunearen prestaketa, beharrezko materiala eta giltzak udalaren ardura izan dira.
Beste lau auzokonpostgune
Gaikako hondakin bilketa atez ate egiten denetik, auzo ezberdinetako 43 familiak azaldu dute auzokonpostgunean parte hartzeko interesa. Ordiziako Udalak gune gehiago sortzeko asmoa zuenez, beste bost gune gehiago ezartzea erabaki zuen orduan, tartean Oreja parkekoa. Momentuz interesa azaldu duten familiekin egin du aurrera gune berri horietan, eta ez da deialdi irekirik egin.
Martxan jartzen hurrengo gunea Anselmoren baratzekoa (Ordiziako Mendizaleak elkartearen goialdean) izango da, eta Urdaneta kaleko eta Erdiguneko familiek erabili ahalko dute. Buztuntza etxaldean, San Joan auzoan eta Eskarabillan jarriko dira hurrengoak, nahiz eta azken bi auzo horietan kokapena zehaztu gabe dagoen oraindik.
Urriaren 10ean konpost ikastaroa egin zen Barrena kultur etxean Sasietak antolatuta, eta auzokonposta nahiz autokonposta egin nahi duten herritarrek hartu zuten parte.