ORDIZIAKO UDALAK ETA ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEAK BOST URTERAKO LANKIDETZA HITZARMENA SINATUKO DUTE OIANGUREN KUDEAKETARAKO
Aranzadi elkarteak Oiangurako kudeaketa plana osatu du, eta 2014an hainbat jarduera egitea aurreikusten da
Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bost urterako lankidetza hitzarmena sinatuko dute datozen egunetan. Hitzarmen horren bitartez, eta aurten egindako kudeaketa planean oinarrituz, Aranzadi izango da Oianguko paisaia eta natur ondarearen ikertzaile, kudeatzaile eta hezitzailea, beti ere, Ordiziako Udalarekin elkarlanean.
Izaro Intsausti Ordiziako Udaleko Partaidetza zinegotziak eta Yoana Garcia Mendizabal Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika saileko kideak eman dituzte gaur prentsaurrean egin diren azterketen eta hartutako erabakien xehetasunak. Garcia Mendizabal ordiziarra da, eta bera izan da kudeaketa planaren egileetako bat.
Intsaustik azaldu duenez, Oiangu parkearen eremua lehengoratu eta biziberritzea izan da Bilduko udal gobernuak azken bi urte eta erdietan izan duen erronketako bat. "2012ko udaberrian, parkearen etorkizuna zehazten hasteko partaidetza prozesua sustatu zuen udalak, eta horren ondotik sortu zen talde eragilearen ardura izan da prozesuan lehenetsitako proiektu eta egitasmoen jarraipena egitea".
Denbora tarte horretan, besteak beste, golf proiekturako jarritako hormigoizko zutoinak kendu direla, Enplegu Planaren bidez kontratatuko langileek parkeko mahai, eserleku eta erretegiak konpondu dituztela, eta Oianguren baserriaren teilatua ere konpondu dela gogoratu du Intsaustik.
Kudeaketa planaren bi helburu nagusiak
Partaidetza-prozesuaren ondoren, Oianguren Parkearen ondare naturala ezagutu behar zela erabaki zen. Hortaz, Ordiziako Udala Aranzadirekin kontaktuan jarri eta 2013. urtean Oiangu Parkeko azterketa naturalistikoa egitea erabaki zen, Yoana Garcia Mendizabalek adierazi duenez.
Azterketa horretan, ondare naturalaren aldagai ezberdinak ikertu dira, bereziki, habitatak, fauna eta flora espezie bereziak eta paisaia. Eta horiekin Oiangu Parkearen interes bereziko guneen inbentarioa osatu da. "Horren arabera, biodibertsitatearen ikuspuntutik garrantzi handieneko eremuak hariztia eta haltzadia bezalako baso autoktonoak dira. Eta hauek inguruko landa-eremuko elementuekin batera mosaiko itxurako paisaia osatzen dute", nabarmendu du Aranzadiko kideak.
Behin azterketa hori eginda, ondare natural hori era egokian kudeatu ahal izateko kudeaketa-plana garatzeari ekin zion Aranzadik. "Kudeaketa-plan horren helburu nagusia Oiangu Parkeko balio natural horiek indartzea litzateke, eta egiten diren ekintzak herritar eta bisitariei irakastea, bertatik bertara daukagun biodibertsitatea ezagutzera emanez".
2014rako ekintzak
Garcia Mendizabalek 2014. urtean egitea aurreikusten diren hainbat ekintzaren berri ere eman du agerraldian: Altamirako putzuaren errestaurazioa; bertako fruta-arbolen barietate ezberdinak landatzeko zuhaitz eguna ospatuko da; txorientzako habi-kutxen tailerra egingo da eta habi-kutxak parkean zehar ipiniko dira; flora inbaditzailea errotik kentzeko lanak egingo dira, eta gai konkretuen inguruko informazio-panel txikiak ere jarriko dira. Azkenik, Oianguko naturarekin erlazioa duten gaiei buruzko hitzaldi eta irteerak egingo dira.