ZUHAITZ EGUNA OTSAILAREN 18AN
Urdanetako eta Jakintzako ikasleek 70 zuhaixka landatuko dituzte Garbigunearen goialdeko lurretan
Datorren asteartean, hilak 18, Zuhaitz Eguna egingo da Ordizian. Urdaneta Eskolako LHko 6. mailako eta Jakintza Ikastolako LHko 6. mailako ikasleek, binaka jarrita, 70 zuhaitz landatuko dituzte Garbigunearen goialdeko lurretan, udal lorazainen laguntzarekin.
Zuhaixka horietatik 40 haritzak dira, 15 gereziondo eta beste horrenbeste hagin. Haritza, gereziondoa eta hagina zuhaitz ezagunak dira Euskal Herrian, baina azken hori, EAEko espezie mehatxatuen katalogoan interes bereziko babes maila jasotzen duen zuhaixka da.
Urdaneta ikastetxeko ikasleak 09:00etan hasiko dira lehen zuhaixkak landatzen, eta 11:00etan Jakintzako ikasleen txanda izango da. Landaketa egin aurretik landatuko diren zuhaitz eta zuhaixkei buruzko azalpenak emango dizkie udaleko ingurumen teknikariak.
Ordiziako Udalak urteak daramatza udalerriko berdegune ezberdinetan bertako zuhaitz espezieen landaketak egiten, eta udalak helburu honekin jarraitu nahi izan du aurten ere hiru zuhaitz eta zuhaixka espezie horien landaketarekin. Iaz ere eremu berean egin zen zuhaitz landaketa.