HABI-KUTXAK JARRI DITUZTE OIANGUN
Urdanetako eta Jakintzako ikasleek 20 habi-kutxa zintzilikatu dituzte Aranzadiko kideen laguntzarekin
Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetako 40 ikaslek 20 habi-kutxa jarri dituzte Oianguko beste horrenbeste zuhaitzetan, Aranzadi elkarteko Ornitologia saileko kideen laguntzarekin. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Oianguko naturaren ezagutza eta ingurumen sentsibilizazioa sustatzeko hasitako elkarlanaren lehen ekintza izan da igandeko habi-kutxen tailerra.
Tailerraren helburua 8 eta 11 urte bitarteko umeek inguruko hegazti txikiak ezagutu eta horientzako habia-kutxak egiten ikastea da. Aranzadiko Ornitologia saileko bi begiralek hegaztiei buruzko azalpenak eman zizkieten haurrei, eta habia-kutxak zer eta zertarako diren azaldu, eta kutxetan izena idatzi ondoren, zuhaitzetan zintzilikatu zituzten. Eguraldia lagun izan zuten, eta aurreikusitako ekintza guztiak egin ahal izan zituzten.
Haurrak gustura aritu ziren tailerrean, parte-hartzeko gogoz, eta txoriei buruz dezente zekitela erakutsi zieten begiraleei. Habi-kutxak muntatzen ere fin ibili ziren, eta kutxak zuhaitzetan mugitu arte ez zen inor etxera joan. Umeekin batera igo ziren gurasoek ere adi jarraitu zituzten azalpen guztiak, eta haurrak gustura ikusita, goiz atsegina pasa zuten. Habi-kutxak barrutik ikustera joateko nahia ere agertu zieten begiraleei.
Txoribox proiektua
Herenegungo tailerra Aranzadiren proiektu pilotu baten hasiera da, orain artean ez baita egin horrelakorik Gipuzkoan. Aranzadiren programa honek Txoribox izena du, eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako sentsibilizazio egitasmo bat da.
Aranzadiren esanetan, habia-kutxak jartzea onuragarria da hegaztien kontserbaziorako. Urte luzez basoei eta herrietako parkeei eman zaien erabileraren ondorioz, gure ingurua zuhaitz gazteez osatua dago. Zuhaitz horiek ez dute zulo naturalik, eta horregatik, hegaztiek ezin dituzte erabili babesteko eta ugaltzeko. Habia-kutxak zulo natural horien ordezko dira, eta beraz, kutxa horiek jarriz gero, mesede egiten zaie zuloak erabiltzen dituzten hegaztiei.
Igandeko ekimenaren argazki galeria.