2014-04-10 trafikoa Arana eta Santa Amalia kaleak noranzko bakarreko kale bihurtu dira, eta hilaren 24tik aurrera Gudarien Etorbidea ere bai

Gaur jarri dira indarrean Mugikortasun Planak herri barruko motordun ibilgailuen zirkulazioarentzat aurreikusten zituen hainbat aldaketa. Santa Amalia eta Arana kaleak noranzko bakarreko kale dira gaurtik, eta beste hiru kaleri noranzkoa aldatu zaie: Zuberoa kalea (Notaritza pareko zatian), Araba kalea eta Victor Mendizabal kalearen goiko zatia. Hilaren 24tik aurrera, berriz, Gudarien Etorbidea ere noranzko bakarreko kalea izango da, eta ibilgailuek goitik beherako noranzkoan soilik zirkulatu ahal izango dute.

Iban Asenjo Ordiziako Udaleko Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak eta Aitor Escalante Udaltzainburuak eman dituzte gaur prentsaurrekoan zirkulazio aldaketa horiei buruzko xehetasunak. Asenjok gogoratu du iazko urtarriletik ekainera bitartean bi bilera egin zirela herritarrekin plan hori garatzeko, eta iazko urrian herritarren ekarpenak jasotzeko erakusketa bat jarri zela Barrenan. Halaber, joan den ostegunean, hilaren 3an, Agenda 21 Foroa elkartu zen udaletxean aldaketa horien berri emateko, besteak beste.

Lau helburu nagusi
Mugikortasun zinegotziaren esanetan, lau dira aldaketa hauekin lortu nahi diren helburuak: Ordiziako sarrera eta irteerak erraztea; Erdigunea zirkulazio aldetik arintzea, oinezkoen mesedetan; Garraio publikoaren erabilerari lehentasuna ematea; eta Ordizia barruko aparkalekuak herritarrek erabiltzea lehenestea. "Aipatzekoa da 2015ean asko hobetuko dela autobus zerbitzua, eta 15-20 minuturo autobus zerbitzua izango dela Ordizian. Horrez gain, esan, aldaketa hauekin 20 aparkaleku gehiago sortuko direla herrian".

Ordiziako hiru kale noranzko bakarreko bihurtu dira (Santa Amalia kalea eta Arana kalea, eta Gudarien Etorbidea hilaren 24tik aurrera), eta beste zenbait kaleri noranzkoa aldatu zaie; Araba, Zuberoa eta Victor Mendizabal kaleei.

"Aldaketa hauekin guztiekin ibilgailuen mugikortasuna hobetu egingo da herri barruan, urtetako hainbat eskakizun bete egingo dira eta herritarrei eta oinezkoei lehentasuna emango zaie. Jakitun gara aldaketetara ohitzea kosta egiten dela, eta horregatik patxadaz hartzeko deia egin nahi dugu udaletik", adierazi du Asenjok.

2014-04-10 trafikoa1

 

Ezarri diren eta ezarriko diren aldaketak
Aitor Escalante Udaltzainburuak eman ditu Ordiziako herri barruko zirkulazioan egin diren aldaketen berri. Jakinarazi du dagoeneko zenbait kaletan pintatze lanak eta aldaketak egin direla, eta pixkanaka-pixkanaka aurreikusitako aldaketa guztiak ezarriko direla. Horren aurrean, lasaitasunerako deia egin die herritarrei.

Gudarien Etorbidea (Hilaren 24tik aurrera)
Gudarien Etorbidean egingo da ziurrenik aldaketarik nabarmenena. Aldaketa gauzatzen denean, kale honek beheranzko noranzkoa izango du soilik, eta geltoki aldetik (Hego bialetik) edo Altamiratik datozen ibilgailuek Bizkaia Pasealeku aldetik sartu beharko dute Erdigunera.

Aldaketa honekin Frai Andres pareko autobus geltokia desagertu egingo da, eta horren ordezko geltokia Arana kalearen hasieran jarriko da, Villa Eugenia eraikinaren azpialdean. Orain arte bezala, Gudarien Etorbideko gune urdineko aparkalekuek bere horretan jarraituko dute, baina alderdi batean aparkalekuak baterian jarriko dira.

Santa Amalia eta Arana kalea (Aldaketak eginda)
Esan bezala, Tximistako zubiaren parean ibilgailu guztiek Bizkaia Pasealeku aldera jo beharko dute Erdigunera sartzeko, eta hori dela eta, Santa Amalia kalea eta Arana kalea noranzko bakarreko kaleak izatera pasa dira, biak goraka. Santa Amalian ere, autoa baterian uzteko aparkalekuak sortu dira. Horrez gain, Zuberoa kaleari noranzkoa aldatu zaio Notaritza pareko zatian, eta ibilgailuek Filipinak kaletik sartu ahal dute bertara.

Araba eta Victor Mendizabal (bi horietan aldaketa eginda), eta Euskal Herria, Amerika eta Iturtxo kaleak
Araba kaleari noranzkoa aldatu zaio. Orain arte gorakako noranzkoa izan du Arana aldera, eta aldaketa honekin, beheranzko noranzkoa izango du, Euskal Herria kale aldera.

Euskal Herria kalea, Oiangu taberna zenaren parean, itxi egingo da, eta autoek Amerika kale aldera hartu beharko dute. Victor Mendizabal kale osoak goranzko noranzkoa izango du, Sanperio kalearekin bat eginez. Iturtxo kalean dagoeneko moldaketa batzuk egin dira autobusak bihurgunea ondo hartzea bermatzeko.

Garagartza plaza eta Ordizia kalea
Gaur egun Garagartza plaza dagoen ezinduentzako aparkalekua lekuz mugituko da, eta hondakin bilketa puntuen atzera pasatuko da. Gune urdina dagoen tokia, berriz, karga-deskarga (Zamalanak) tokia bihurtuko da.

Taxisten geltokia Ordizia kaletik Ampuero kalera pasatuko da, tren geltokiaren ondora, eta horren ondorioz, Ordizia kale osoa gune urdin bihurtuko da.