ASTELEHENEAN FRESATZE LANAK EGITEN HASIKO DIRA GUDARIEN ETORBIDEAN
Eguraldiak laguntzen badu, pintatze lanak ere egingo dira, eta Gudarien Etorbidea noranzko bakarreko kale bihurtuko da
Azken ordukorik ez bada, datorren astelehen goizean, hilak 28, hasiko dira Gudarien Etorbidea noranzko bakarreko kale bihurtzeko lanak egiten. Astelehenean fresatze lanekin hasiko dira, eta ateri egiten badu, pintatze lanak ere egingo dira. Lanak bukatzeko aukera izanez gero, datorren astean noranzko bakarreko bihurtuko da Gudarien Etorbidea, eta ibilgailuek goitik behera soilik zirkulatu ahalko dute. Garagartza plaza inguruan egin beharreko aldaketekin ere datorren astean espero du Ordiziako Udalak.
Apirilaren 10ean egin ziren Mugikortasun Iraunkorrerako Planak gomendatzen zituen lehen aldaketak. Arana eta Santa Amalia kaleak, esaterako, noranzko bakarreko kale bihurtu ziren, eta Araba kaleari, Zuberoa kaleari (Notaritza parean) eta Victor Mendizabal kaleari (Sanperiorekin bat egiteko zatian) noranzkoa aldatu zitzaien. Gudarien Etorbideko aldaketa egindakoan, Garagartza plaza eta Ordizia kaleko aldaketak egitea faltako da soilik.