ZIRKULAZIO ALDAKETEKIN 23 APARKALEKU BERRI SORTU DIRA
Dagoeneko egin dira herri barruko zirkulazioan aurreikusitako aldaketa guztiak
Dagoeneko gauzatu dira Mugikortasun Iraunkorrerako I. Planak herri barruko zirkulazioa hobetzeko proposatzen zituen aldaketa guztiak. Gudarien Etorbidea noranzko bakarreko bihurtzeko lanak izan ziren hasten azkenak (astelehen goiz-eguerdian hasi ziren), eta astelehen arratsaldean bertan beherakako noranzkoa zuen jada kale horrek. Gaur-gaurkoz, trafikoan eraginik izango ez duten pintatze lan batzuk egitea bakarrik falta da. Zirkulazio aldaketekin 23 aparkaleku berri sortu dira herrigunean.
Gudarien Etorbidea egin den aldaketekin sortu dira aparkaleku gehien. Goitik behera begira jarrita, errepidearen eskuin aldeko aparkaleku guztiak baterian aparkatzekoak dira, eta 23 aparkaleku berri sortu dira. Santa Amalia kaleak gorakako noranzkoa du duela hilabetetik, eta ezker aldeko aparkaleku guztiak bateriakoak bihurtuta, 6 aparkaleku gehiago daude eremu horretan. Iturtxo kalean, berriz, 6 aparkaleku kendu behar izan dira, autobusak igarotzeko arazorik izan ez dezan. Sortu diren 23 aparkaleku horietatik 3 ezindu fisikoentzako dira.
Apirilaren 10ean egin ziren lehen zirkulazio aldaketak Santa Amalia, Zuberoa, Arana, Araba eta Victor Mendizabal kaleetan. Aurreko astean, apirileko azkenekoan, Garagartza plazako eta Ordizia kaleko aldaketak egin ziren, eta aste honen hasieran egin da Gudarien Etorbideko aldaketa. Behin aldaketa guztiak gauzatuta, pintatze eta fresatze lan batzuk egitea besterik ez da falta aldaketekin bukatzeko.
Lau helburu nagusi
Lau dira aldaketa hauekin lortu nahi diren helburuak: Ordiziako sarrera eta irteerak erraztea; Erdigunea zirkulazio aldetik arintzea, oinezkoen mesedetan; Garraio publikoaren erabilerari lehentasuna ematea; eta Ordizia barruko aparkalekuak herritarrek erabiltzea lehenestea. Aipatzekoa da, baita ere, 2015ean asko hobetuko dela autobus zerbitzua, eta 15-20 minuturo autobus zerbitzua izango dela Ordizian.
EGIN DIREN ALDAKETAK BANAN-BANAN
Santa Amalia eta Arana kalea (Apirilaren 10ean)
Tximistako zubiaren parean ibilgailu guztiek Bizkaia Pasealeku aldera jo beharko dute Erdigunera sartzeko, eta hori dela eta, Santa Amalia kalea eta Arana kalea noranzko bakarreko kaleak izatera pasa dira, biak goraka. Santa Amalian ere, autoa baterian uzteko aparkalekuak sortu dira. Horrez gain, Zuberoa kaleari noranzkoa aldatu zaio Notaritza pareko zatian, eta ibilgailuek Filipinak kaletik sartu ahal dute bertara.
Araba, Victor Mendizabal, Euskal Herria, Amerika eta Iturtxo kaleak (Apirilaren 10ean)
Araba kaleari noranzkoa aldatu zaio. Orain arte gorakako noranzkoa izan du Arana aldera, eta aldaketa honekin, beheranzko noranzkoa izango du, Euskal Herria kale aldera.
Euskal Herria kalea, Oiangu taberna zenaren parean, itxi egin da, eta autoek Amerika kale aldera hartu beharko dute. Victor Mendizabal kale osoak goranzko noranzkoa izango du, Sanperio kalearekin bat eginez. Iturtxo kalean moldaketa batzuk egin dira autobusak bihurgunea ondo hartzea bermatzeko.
Garagartza plaza eta Ordizia kalea (Apirilaren 28an)
Gaur egun Garagartza plaza dagoen ezinduentzako aparkalekua lekuz mugitu da, eta hondakin bilketa puntuen atzera pasatuda. Gune urdina zegoen tokia, berriz, karga-deskarga (Zamalanak) tokia bihurtuko da, eta zamalanetarako gunea zena Taxi geltokia izatera pasa da. Aldaketa horrekin, Ordizia kale osoa aparkaldi mugatuko gune urdina izango da aurrerantzean.
Gudarien Etorbidea (Maiatzaren 5ean)
Gudarien Etorbidekoa izan da aldaketa nabarmenena. Kale honek beheranzko noranzkoa izango du soilik, eta geltoki aldetik (Hego bialetik) edo Altamiratik datozen ibilgailuek Bizkaia Pasealeku aldetik sartu beharko dute Erdigunera.
Aldaketa honekin Frai Andres pareko autobus geltokia desagertu egin da, eta horren ordezko geltokia Arana kalearen hasieran jarriko da, Villa Eugenia eraikinaren azpialdean. Orain arte bezala, Gudarien Etorbideko gune urdineko aparkalekuek bere horretan jarraituko dute, baina eskuin aldeko aparkalekuak bateriakoak izatera pasa dira, aparkaleku gehiago sortuz.