ORDIZIAKO GAIKAKO BILKETA %79AN, BIRZIKLAPENAREN MUNDU EGUNAREN ATARIAN
Sistema aldaketa ezarri zenetik Ordizian lortu den bereizte tasa handiena da
Ordiziako hondakinen gaikako bilketa %79koa izatera iritsi da, orain artean lortu den bereizte tasarik handiena. Larunbatean, hilaren 19an, Birziklapenaren Mundu Eguna ospatuko da, eta udalaren esanetan, lortutako datuek eredugarri bihurtzen dute Ordizia herri iraunkorrago bat lortzeko bidean. Hamar hilabete bete dira aste honetan bilketa sistema aldatu zenetik, eta harrezkero, edukiontzi bidez egindako bereizte tasa bikoiztu baino gehiago egin da hilez hil.
Sasieta Mankomunitateak kaleratutako azken txostenak urtarriletik martxora bitarteko bilketa datuak jasotzen ditu. Ordizian 221.090 kilo hondakin jaso dira martxoan; horietatik 174.310 kilo (%79) birziklatze guneetara bideratu dira, eta 46.780 kilo (%21) zabortegira. Bilketa datu horiek herritarren ahaleginari esker lortutakoak direla argi du Ordiziako Udalak.
Martxoko hondakin bilketa datuak honakoak dira, gaika eta kiloka banatuta: organikoa 84.380 kilo; errefusa 46.780 kilo; papera 27.500 kilo; beira 29.283; plastikoa 22.060; kartoi komertziala 6.880 kilo; arropa zaharrak 3.125; sukaldeko olioa 1.005; eta pilak 77 kilo. Aipagarria da urte hasieratik hona, jasotako errefus kopuruaren beheranzko joera eta bildutako organikoaren goranzko joera.
Ordizian hondakin bilketa sistema aldatu zenetik hamar hilabete pasa diren honetan (2013ko uztailaren 12an hasi ziren hondakinak atez ate biltzen), eta denbora tarte horretan, edukiontzi bidezko borondatezko sistemarekin lortzen zen bereizte maila bikoiztu baino gehiago egin da hilero-hilero (%36ko bilketa maila zegoen ordura arte), Europak 2016rako ezarritako %60ko birziklatze tasa gaindituz. Urtarrilean %74 bildu zen gaika, eta otsailean %76.
Hondakin kiloak biztanleko
Lehen hiruhilekoa aintzat hartuta, berriz, honela banatzen da 2014ko urtarril, otsail eta martxoan Ordizian bildutako hondakin kopurua (kiloka): organikoa 235.800 kilo; errefusa 153.160; papera 80.620; kartoi komertziala 20.000; ontzi arinak 65.280; beira 81.319; arropa zaharrak 9.875; pilak 311; eta sukaldeko olioa 3.045. Denera, 649.410 kilo hondakin: 496.250 birziklatzera eta 153.160 zabortegira.
Sasietaren txostenak herri bakoitzean biztanleko zenbat hondakin sortzen den ere jasotzen du. Pisaketa datuak otsailetik aurrera eginak dira, otsailari eta martxoari dagozkionak. Ordiziako datuak honakoak dira (kilogramo biztanleko): organikoa 24 kilo; errefusa 16 kilo; papera eta kartoia 10 kilo; beira 8 kilo; eta ontzi arinak 7 kilo.
Sei auzokonposgune martxan
Ordiziako lehen auzokonpostgunea 2013ko apirilean jarri zen martxan Araba kaleko berdegunean, eta ordundik beste bost zabaldu dira, azkenekoa Eskarabillan, aurtengo martxoan. Anselmoren baratzakoa, Oreja parkekoa, San Joangoa eta Buztuntzakoa dira beste lau auzokonpostguneak, eta urtean zehar beste lau dira martxan jartzekoak: Urdaneta eskolan, Altamiran, Majorin eta Barrenako parkean. Guztira 100 familiatik gora ari dira konposta euren kasa egiten; 64 auzoetako guneetan eta 40 autokonpostaren bidez.
Gogoratu astean bi egunetan zabaltzen dela udaletxearen arkupeetan dagoen hondakinen informazio bulegoa: astelehenetan (11:30-13:30 eta 17:00-19:00) eta asteazkenetan (11:30-13:30).