ORDIZIAKO UDALAK ALDE ZAHARRERA SARTZEKO SISTEMA ALDATU, ETA TEKNOLOGIKOKI HOBEA IZANGO DEN BESTE BAT JARRIKO DU MARTXAN
Dendariekin, tabernariekin eta bizilagunekin bildu ondoren, autoen sarrera-irteerako ordutegiak aztertu eta berriak ezarriko ditu
EAJko Santamariaren jokabidea salatu du, udalean ekarpenik egin gabe, komunikabideek erabiliz herritarrak nahastea baita bere helburua
Ordiziako Udalak Alde zaharreko autoen sarrera eta irteera sistema aldatu eta hobetu behar du, besteak beste eta bereziki, gaur egun dagoen pilonen sistema zaharkitua geratu delako. Udalak argitu du sistemaren behin betiko aldaketaren xehetasunei buruzko erabakiak merkatari, ostalari eta herritarrekin hitz egin ondoren hartuko dituela, eta EAJko Jose Miguel Santamariaren jarrera kritikatu du, udalean ekarpenak egin gabe, eta komunikabideak erabiliz, herritarrak nahasten ari baita.
Igor Eguren alkatea eta Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotzia prentsaren aurrera atera dira gaur herritarrei argibideak eman, eta azken asteetan EAJk hartu duen jarreraz udalak duen iritzia plazaratzeko. Haiekin batera, Belen Maiza, Izaro Intsausti eta Juan Mari Gereñu udal gobernuko ordezkariak izan dira agerraldian.
Egurenek azaldu duenez, pilonen sistemak betidanik arazo asko eman ditu, mantenu garestia daukate eta bideo-kamerak aldatzeko beharra dago, irudien kalitatea eskasa baita. Hori dela eta, ikuspegi tekniko huts batetik aukera ezberdinak aztertu, eta teknologikoki hobekien baloratutako sistema aukeratu du udalak, alkatearen arabera: "Sistema berri honek autoen matrikulak irakurtzen ditu, pilonak jaitsita mantentzea baimentzen digu, eta horri esker, oztopo fisikoa desagertzen da, edozein ezbehar edo arazo egonez gero sarrera bermatuta egoteko. Sistema hau aurreko agintaldian EAJk Beasainen ezarri zuen bera da. Hori bai, guk proposatutako ordutegiak Beasaingoak baina malguagoak dira".
Herritarren ekarpenak aintzat hartuta
Orain arteko pilonen sistemak erabiltzaile gutxi batzuen erabilera okerra eragin du eta orain, berriz, jarraipen zehatzago eta hobeago bat egiteko aukera izango du udalak. "Horretarako, ordutegi berriak zehaztu aurretik, merkatariekin, tabernariekin zein bizilagunekin bilerak egin ditugu. Ehundik gora pertsonak parte hartu dute bileretan".
Alkatearen esanetan, bilera horietan jasotako iritziekin zein dendariek eta merkatariek luzatutako ordutegiekin, udal gobernuak, lasaitasunez, orain arte bezala, erabakiak hartu eta jakinaraziko ditu. "Erabakiak hartzeko momentuan kolektibo guztien interesak kontuan hartzen saiatuko gara, dendari, tabernari eta bizilagunena, baina baita ere, bezeroena, umeena, adinduena... Ez dago ahazterik kolektibo hauen artean eta kolektibo hauen barruan ikuspegi guztiak ez direla berdinak, eta, era berean, ez dago ahazterik udal gobernu honek oinezkoen segurtasuna bermatzeko beharra ere badaukala eta Alde Zaharrean oinezkoek lehentasuna daukatela".
EAJren jarrerari kritika
Iban Asenjo zinegotziak, bere aldetik, gogor kritikatu du EAJko Jose Migel Santamaria izaten ari den jokabidea. "Santamaria jaunak hilabeteak daramatza udal gobernu hau kritikatzen, Mugikortasun Saila bereziki, udalean inongo ekarpenik edo proposamenik egin gabe. Hedabideen bitartez soilik daukagu EAJren iritzien berri. Santamariak, Ordiziko hiritar zein EAJko zinegotzi moduan, aukera izan du bere iritziak, ekarpenak, kritikak... egiteko, baina udaletxean ez du bat bera ere aurkeztu".
Asenjoren iritziz, EAJko bozeramailearen asmoa ez da, inondik inora, ordiziarren arazoak konpontzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea. "Santamaria jauna oso luzea egingo zaion hauteskunde kanpaina batean murgilduta dago, udal gobernu hau desgastatzeko asmo bakarrarekin".
Mugikortasun zinegotziaren esanetan, EAJko zinegotziak "gezurrak" esan ditu. Santamariak ondo baino hobeto daki tabernari, dendari zein bizilagunei udal gobernu honek luzatu ziena proposamena baino ez zela, beraiekin batera kontrastatzeko, eta erabakia hartu gabe dagoela. Berak inork baino hobeto daki hori. Santamariaren helburua herritarrak nahastea da".
"Ze iritzi eskatu zien Santamariak herritarrei alkate zenean?"
Asenjok gogoratu du aurreko legealdian arazoak izan zirela pilonen sistemarekin, eta EAJko alkate ohiak "ondo baino hobeto" dakiela zer arazo dagoen. "Santamaria jaunak gezurra esaten du esaten duenean aldatu nahi dugun sistemarekin arazorik ez dagoela. Bera alkatea zenean, EAJko zinegotzi bat behin eta berriz kexatzen zelako alde zaharrera sartzeko txartelekin erabilera txarra egiten zela. EAJko zinegotzi honen kexak etengabekoak izan ziren".
Era berean, adierazi du, udal gobernu hau, alkatea, udaltzainburua eta bera, sistema berria martxan jarri aurretik merkatari, tabernari eta bizilagunekin bildu dela. "Aurreko agintaldian pilonak berriz ere martxan jarri genituenean, norekin bildu zen Santamaria jauna? Inorekin ez. Ze iritzi eskatu zien bizilagunei? Ze iritzi jaso zuen bizilagunen aldetik? Bat bera ez, ez gai honetan, eta ez beste ezertan. Alkatea izan zen garaian egin zituen aldaketa guztiak eta hartu zituen erabaki guztiak inori iritzirik eskatu gabe hartu zituen. Ez dadila etorri orain parte hartze lezioak ematera".
Bukatzeko, Iban Asenjok adierazi du udal gobernua herritarrekin biltzen, herritarrei entzuten, eta erabakiak lasaitasunez eta seriotasunez hartzen jarraituko duela. "EAJk ekarpenak, proposamenak eta kritikak egin nahi baditu, udal gobernu hau prest dago, beti egon den moduan, entzun eta aztertzeko, baina EAJk jakin beza udal gobernu honen agenda hedabideen bitartez ezingo duela finkatu".
Asenjoren ustez, Santamaria "etengabeko kanpainan" dago, baina adierazi du Ordiziako udal gobernuak "tinko eta arduraz" jarraituko duela lanean, asko baita oraindik hurrengo 10 hilabeteetan egin beharrekoa.