ABUZTUAREN 11N ETA 12AN PERSEIDA GAUA OIANGUN
Bi egun horietan parkeko argiak itzali egingo dira, eta abuztuko ozar-izarra ikusteko aukera izango da
Udako oporrak aproposak izaten dira gaueko zeruaz gozatzeko: eguraldi ona, tenperatura epela, biharamunean goiz jaiki beharrik ez,... Eta hori gutxi balitz, San Lorentzo egunaren inguruan zeruak ikuskizun eder bat eskaintzen du urtero: Perseidak. Abuztuaren 11ko eta 12ko gauetan Oianguko argiak itzali egingo dira, eta abuztuko ozar-izarra (gaztelerazko "Lluvia de estrellas") ikusteko aukera eskainiz. Ordiziako Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko hitzarmenaren barruko ekimena da. Jarraian, perseidei buruzko informazioa eta zenbait aholku.
Zer dira Perseidak?
Gau oskarbi batean zerura begira denboralditxo bat igarotzen badugu, noizbehinka oso azkar mugitzen diren eta arrasto bat uzten duten izar iheskor batzuk ikusiko ditugu. Hauek izar uxoak dira (gaztelaniaz "estrella fugaz" bezala ezagutzen ditugunak), baina ez dira benetako izarrak, atmosferan sartzen diren hauts partikula txikiak baizik (harea-pikorraren tamainakoak). Meteoro izenez ere ezagutzen dira. Daramaten abiadura handiagatik eta atmosferaren marruskadurak eraginda, erre egiten dira eta horregatik piztu egiten dira, baina berehala guztiz erre eta desegin egiten dira. Harrigarria da hain txikiak izanda nolako distira sortzen duten.
Edozein gautan dozena bat izar uxo ikustea ohikoa izaten da, baina urteko sasoi batzuetan askoz izar uxo gehiago ikusteko aukera egoten da, Lurrak kometa baten ibilbidea zeharkatzen duelako. Kometek hauts, harri eta izotz pusketak uzten dituzte beraien ibilbidean zehar, eta zati hauek Lurrera erortzean izar uxoak sortzen dira. Fenomeno honi ozar-izarra deitzen zaio (gaztelaniaz "lluvia de estrellas" deitzen dena).
Ozar-izarra sortzen duten meteoro gehienak txikiak izaten dira, baina batzuetan zati handiak ere erortzen dira eta izar uxo ikusgarriak sortzen dituzte, distira handiz eta atzean arrasto luze bat utziz igarotzen dira, batzuk zati bat baino gehiagotan puskatzen direlarik. Zati handi hauek bolido izenez ezagutzen dira. Normalean zati guztiak atmosferan desegiten dira eta ez dira lurrera iristen. Zati handiren bat lurrera iristen bada, meteorito izena hartzen du.
Fenomeno hau ia hilero gertatzen da, urtean zehar Lurrak kometa ezberdinen ibilbideak zeharkatzen baititu. Abuztuan Lurrak Swift-Tuttle kometaren ibilbidea zeharkatzen du, eta honek sortzen duen ozar-izarra Perseidak edo "San Lorentzoren malkoak" izenarekin ezagutzen da, San Lorentzo egunaren (abuztuak 10) inguruan izaten delako. Baina hau ez da urteko ozar-izar ikusgarriena, abenduko Geminidak adibidez ikusgarriagoak izaten dira, baina Perseidak ezagunagoak dira jende gehiagok ikusten dituelako, abuztuko oporren eta eguraldi onaren eraginez.
Zer da erradiantea?
Ozar-izar guztiek berezitasun bat dute, erortzen diren meteoro guztiek norabide zehatz bat izaten dute beti, zeruko puntu konkretu batetik irtengo balira bezala. Zeruko puntu horri erradiante deitzen zaio, eta ozar-izar bakoitzak bere erradiantea izaten du. Perseiden erradiantea, Perseo izeneko konstelazioan aurkitzen da, eta hortik dator Perseida izena. Beste ozar-izarrek ere hala hartzen dituzte beraien izenak, Leonidek Leo konstelazioan dute erradiantea, Geminidek Geminis konstelazioan, etab.
Zeruko zein tokitara begiratu behar da ozar-izarra behatzeko?
Komunikabidetan askotan esaten digute erradiantera begiratu behar dela, hortik irteten direlako izar uxoak. Hori ez da egia. Izar uxoak benetan ez dira erradiantetik irteten, puntu horrek izar uxoek izango duten norabidea bakarrik adierazten digu. Izar uxoak zeruko toki askotan azaldu daitezke, erradiantetik urruti baita, baina guztiek norabide zehatz hori izango dute, erradiantetik irten izan balira bezala. Beraz, nora begiratu behar dugu ozar-izarra behatzeko? Gomendioa da erradiantea ez den beste edozein tokitara begiratzea.
Zein da Perseidak ikusteko momenturik onena?
Uztailaren 17tik abuztuaren 24 arte irauten du Perseiden ozar-izarrak, hau da, egun hauetan normalean baino izar uxo gehiago ikusiko ditugu eta batzuk ikusgarriagoak izango dira. Baina ozar-izar guztiek maximo bat izaten dute, momentu zehatz batetan askoz izar uxo gehiago ikusten dira. Aurtengoan Perseiden maximoa abuztuaren 12an eguerdian izango da, beraz ezingo dugu ikusi, egunez izango baita. Baina ordu batzuk lehenago eta ordu batzuk beranduago izar uxo kopurua beste egunetan baino handiagoa izaten da oraindik, beraz maximoaren inguruko gaueko orduak aprobetxatu ditzakegu: abuztuaren 11tik 12rako gauean goizaldean, eta 12tik 13rako gauaren hasieran izango dugu izar uxo gehien ikusteko aukera.
Baina iragarpenek askotan ez dute oso ondo asmatzen, beraz onena da gau horietan edozein ordutan zerura begira jartzea eta pazientziaz itxoitea, seguru izar uxo batzuk ikusiko ditugula!
Gomendioak
Amaitzeko, animatu zaitezte zaudeten tokian zaudetela, zeruko ikuskizun honetaz gozatzera. Toki ilun bat aukeratu, arropa nahikoa jantzi, etzanda jarri, eta pazientziaz denbora bat egon zerua behatzen, izar-uxoak ez baitira bata bestearen atzetik jarraian etortzen. Zeruko mapa bat baldin izanez gero, konstelazioak bilatzeko aprobetxa daiteke, oso ariketa polita eta aberasgarria izaten da.
Ea zenbat izar-uxo zenbatzen ditugun aurtengoan! Zorte on guztioi, eta Perseida bat ikusten duzuen bakoitzean, gogoan izan Swift-Tuttle kometaren zatitxo bat Lurrera erortzen ikusi duzuela.