URRIAREN 1EAN JARRIKO DA INDARREAN ALDE ZAHARRERA SARTU ETA IRTETEKO KONTROL SISTEMA BERRIA
Hamabost eguneko frogaldi epe bat irekiko da bihar, erabiltzaileek sistema ezagut dezaten
Urriaren 1ean jarriko da martxan Ordiziako Alde Zaharrera sartu eta bertatik irteteko kontrol sistema berria. Sistema berri honek autoen matrikulak irakurtzen ditu, orain arteko pilonak jaitsita mantentzea baimentzen du, eta horri esker, oztopo fisikoa desagertu egiten da, edozein ezbehar edo arazoa egonez gero sarrera bermatuta egoteko. Sistema berria ofizialki martxan jarri aurretik, hamabost eguneko frogaldi epe bat egongo da bihartik aurrera (hilaren 16tik 30era), erabiltzaileak sistema berrira ohitu daitezen. Iban Asenjo Ordiziako Udaleko Garapen Iraunkor eta Mugikortasun zinegotziak, eta Aitor Escalante udaltzainburuak eman dute gaur sistema aldaketaren berri.
Asenjoren esanetan, orain arteko pilonen sistemak arazo asko eman izan ditu, mantenu garestia daukate eta bideo-kamerak aldatzeko beharra zegoen, irudien kalitatea eskasa baitzen. "Ikuspegi tekniko huts batetik aukera ezberdinak aztertu ditu udalak, eta teknologikoki hobekien baloratutako sistema aukeratu du. Orain arteko sistemak erabiltzaile gutxi batzuen erabilera okerra eragin du, eta orain, berriz, jarraipen zehatzago eta hobeago bat egiteko aukera izango du Udaltzaingoak".
Alde zaharrera sartzeko ordutegiak zehazteko, Asenjok gogoratu du hainbat bilera egin direla bizilagunekin eta merkatari eta ostalariekin, eta eragile horien ekarpenak aintzat hartu dituela udalak. "Erabakiak hartzeko momentuan kolektibo guztien interesak kontuan hartzen saiatu da udala. Ez da ahaztu behar udal gobernu honek oinezkoen segurtasuna bermatzeko betebeharra ere baduela, eta Alde Zaharrean oinezkoek dutela lehentasuna".
Alde Zaharrera sartzeko ordutegiak
Aitor Escalante udaltzainburuak ere "beharrezkotzat" jo du sistema aldaketa. Alde Zaharrera sartzeko tokian bideo-kamera bat eta semaforo bat instalatu dira –baita irteera puntuan ere-, eta kamerak matrikula irakurtzean laranja kolorean jartzen da semaforoa. "Erabiltzaile guztiek 30 minutuz eduki dezakete ibilgailua barruan, eta denbora tarte hori gainditzen badute, irteera puntuan salatu egingo ditu sistemak". Pilonak, printzipioz, ez dira kenduko. Sarreran jaitsita egongo dira, eta irteeran dauden bezala mantenduko dira.
Udaltzainburuak adierazi du Alde Zaharreko bizilagunak 24 orduz sartu eta irten ahalko direla eremu horretatik, orain arte bezalaxe. Merkatariek eta ostalariek, berriz, bi ordutegiren artean erabaki behar dute (astelehenetik larunbatera 06:00etatik 15:00etara edo astelehenetik larunbatera 04:00etatik 09:00etara eta 20:00etatik 00:00etara), eta zamalan ordutegia orain artekoa izango da: 08:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 16:30era.
Kontrol sistema berriak matrikula irakurgailu bidez funtzionatzen duenez, autoa aldatu duten Alde Zaharreko bizilagunei matrikula berria jakinarazteko deia egin die Escalantek, baita merkatari eta ostalariei ere. Azken horiei, gainera, haien hornitzaileen matrikulak jakinarazteko ere eskatu die. Edozein zalantzaren aurrean, Udaltzaingora jo behar da edo bestela 943 80 56 16 telefono zenbakira deitu.