ALTAMIRAKO PUTZURA IRTEERA LARUNBAT GOIZEAN
Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia saileko Ion Garinek gidatuko da saioa. Hitzordua 10:00etan da, Oianguko sarreratik abiatuta
Larunbat honetan, hilak 27, Altamirako putzura irteera antolatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Oiangu parkearen kontserbaziorako eta ingurumen sentsibilizaziorako Ordiziako Udalarekin urte hasieran abiatutako lankidetzari jarraipena emanez. Aranzadiko Herpetologia saileko Ion Garinek gidatuko du saioa, eta besteak beste, horrelako ekosistemek biodibertsitatearen kontserbazioan duten garrantziaz hitz egingo du irteeran zehar. Altamirako putzuaren errestaurazio lanak ekainean egin zituzten Aranzadiko Botanika saileko kideek. Larunbateko irteera parkearen sarreratik abiatuko da, 10:00etan.
Herritarrei Altamirako putzua ezagutzera ematea eta gisa honetako ekosistemen garrantziaz kontzientzia sortzea da irteera honen helburua. Aitor Garin anfibio eta narrastien berreskurapenerako putzuen errestaurazio proiektuetan aritua da, eta animalia mota hauen berezitasunei buruz eta beste errestaurazio lan batzuetan izandako esperientzien berri emango du Aranzadiko kideak. Irteera irekia da, eta Oianguko sarrera putzurako bide zatia laburra eta erosoa da. Hori bai, oinetako egokiak eramatea gomendatzen da.
Hezeguneen berreskurapena
Aranzadiko Herpetologia sailak dioenez, Euskal Herrian anfibio eta narrastien inguruko ezagutza maila oso baxua da. Ezjakintasun honek zuzenean eragiten die, ezagutzen ez dena ez baita babesten. Anfibioak lurra aurrenekoz kolonizatu zuten ornodunak izan arren, "zigor" bat jaso zuten, urarekiko menpekotasuna. Anfibio espezie gehienek ur-guneak behar izaten dituzte ugaltzeko.
Bi inguruneekiko menpekotasunak bikoiztu egiten du animalia talde honen mehatxu egoera, izan ere, azken mendean putzu, urmael, aska edota aintzira asko lehortu egin baitiira. Animalia talde honen egoera hobetze bidean, azken hamarkadan zehar hezegune asko berreskuratu egin dira, besteak beste Altamirako putzua.
Altamirako putzuan honako egokitze lanak egin ziren ekainean, Aranzadiko Botanika saileko kideen gidaritzapean:
-Putzuaren hegoaldeko ertza soka eta egurrezko hesi baxu batekin mugatu, putzuaren ertzeko landaredia eta fauna babesteko.
-Putzuaren ekialdeko mugan hazten diren zuhaitz batzuren mozketa, putzura iristen den argitasun maila handitzearren. Honek bertan gara daitezkeen mikrohabitatei egingo die mesede.
-Mikrohabitat berriak sortzeko harri pilaketa eta landaketak
-Putzuko zaborra erretiratzea
-Putzura iristen den bidea eta putzuaren ertza ibilbide modura egokitzea
-Putzuaren kokapena adierazten duen norabide seinalea jarri da