ARABAKO KALEKO LORATEGIKO AUZOKONPOSGUNEKO KONPOSTA ATERATZEKO EKITALDIA
Bihar ostirala, hilak 26, auzokonposgunean bertan izango da ekitaldia, 18:00etan
Hondakinen prebentziorako bidean, 2013ko udaberritik zelai partikularrik ez duten etxeek konposta egiteko aukera daukate Ordizian. Herriko lehen auzokonposgunea Araba kaleko lorategian jarri zen iazko apirilean, eta ordudanik, 14 familia aritu dira etxeetako hondakinen zati organikoa bota eta lantzen. Urte eta erdiren ondoren, lehen konposta ateratzen moduan dira dagoeneko. Bihar ostirala, hilak 26, dagoeneko helduta dagoen konposta erakusteko ekitaldi bat egingo da auzokonposgunean bertan, 18:00etan, eta Sasietako teknikari batek konpostaren kalitateari buruzko informazioa emango die familia horiei eta inguratzen diren herritarrei. Lortutako konposta laborategira aztertzera bidali du Sasietak, eta maila goreneko konposta (A maila) ateratzea lortu dute. Konpost hori eskuragarri utziko zaie gunean bertan, nahi dutenean har dezaten.
Gaur egun 6 auzokonpost gune daude Ordizian eta guztira 58 familiek parte hartzen dute. Hauek dira martxan dauden auzokonposguneak: Arabako lorategia; Oreja parkea: Filipineta kalea; Buztuntza etxaldeko lorategia: Buztuntza auzoa; Anselmoren baratza: Erdigunean geratzen den baratza bat da; Eskarabilla auzoko lorategia; eta San Joan auzoko parke berria.
Aurten bertan, beste lau auzokonposgune martxan jarriko dituzte Ordiziako Udalak eta Sasieta Mankomunitateak: Majoria auzoan, Altamira auzoan, Barrena parkean eta Urdaneta ikastetxean (azken honetan ikastetxeko jangelako frakzio organikoaren zati gordina jasotzeko eta atezainak sortzen duena jasotzeko konpostagailu bat jarriko da).