ITSASONDO ETA ORDIZIA ARTEKO BIDEGORRIA INAUGURATU DU ALDUNDIAK
Irekiera ekitaldian izan dira Larraitz Ugarte diputatua eta Igor Eguren eta Asier Garro Ordizia eta Itsasondoko alkateak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak Itsasondo eta Ordizia lotzen dituen bidegorria inauguratu du. Inaugurazioan Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, Unai Erroitzenea Mugikortasuneko zuzendariak, Igor Eguren Ordiziako alkateak eta Asier Garro Itsasondoko alkateak parte hartu dute. Gaur inauguratutako bidegorriaren bidez Ordizia eta Itsasondo herriak bidegorri bidez lotuta geratuko dira eta, aldi berean, bidegorriak bat egiten du Ordiziako udal bidegorriarekin mutur batean eta beste batean Itsasondo-Legorreta bidegorriarekin.
Lanak iazko ekainean hasi ziren eta orain bukatu dira. Amenabar enpresak egin ditu lanak eta 1.800.000 euroko kostua izan dute. Inaugurazioan Larraitz Ugarte diputatuak bidegorri honek Goierriko mugikortasunean duen garrantzia azpimarratu du, eskualdeko bi herriren arteko lotura bermatzen duelako. Horrez gain, gogoratu du Goierrin mugikortasun arloan beste lan batzuk egin direla, esaterako berriki inauguratutako Agerre Bidearen konponketa bertan bidegorria ere eginez, eta laster ere beste urrats garrantzitsu bat ere emango dela Lurraldebus autobus zerbitzu berria ezarriz. Igor Eguren Ordiziako alkateak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Aldundiari eremu honetan egin duen inbertsioarengatik, eta nabarmendu du aurrerantzean Tolosa eta Ordizia lotuta geratzen direla bidegorri seguru eta eroso honen bidez. Bide azpiegitura berri hau zabalduta Ordiziak eta Goierrik mugikortasun iraunkorrean beste urrats bat egin duela ere adierazi du Egurenek.
Bidegorriaren ezaugarriei dagokionez, 1.230 metro luze da orain irekitakoa, Donostia-Beasain ibilbidearen zatia, eta Ordizia eta Itsasondo arteko mugan hasten da (GI-4761 errepidearen paralelo) eta Itsasondo zeharkatzen du, Itsasondo-Legorreta bidegorriarekin bat eginez. Bidegorriak honako zatiak ditu:
-1. zatia: Ordiziako San Juan ermitan hasten da bidegorri zatia, herriko bidegorria amaitzen den lekuan, eta 490 metroko lehenengo zatian 4 metro zabal da eta GI-4761 errepidearen eskuinaldetik doa. Hasierako zatian hainbat etxeetarako bi sarbide ditu. Zati honen hasieran malda %4 eta %3 artekoa da.
-2. zatia: GI-4761 eta GI-2131 errepideen arteko bidegurutzetik Itsasondoko udaletxe parerainoko zatia. Zebrabide batetik errepidearen beste aldera pasatu ostean, zati hori GI-2131 errepidearen paralelo doa ezker aldetik, 540 metro luze da eta 4 metro zabal. Zabalera hori lortzeko espaloia bere horretan utzi da eta bidegorria errepiderantz zabaldu da. Zati honetan bidegorriak errepideak duen malda leun bera du.
-3. zatia: GI-2131 errepidearen beste aldetik, eskuinaldetik doa, errepidea zebrabide batetik pasatu ondoren. 200 metro luze da eta leku gehienetan 4 metro zabal, nahiz eta zatiren batean apur bat estuagoa den, urbanizazioen ondorioz ezin baita gehiago zabaldu.
Argiteriari dagokionez, led argiteria jarri da 6 metroko altuera duten aluminiozko zutabeen gainean.
Horrez gain, azpimarratzekoa da lan hauetan obra hidrauliko bat egiteko aprobatxatu dela, ur honidura hobetzeko, eta horregatik Amundarain ibaia Ibiurko urtegiarekin lotzeko lanen zati bat egin da bidegorriaren lanekin batera, Bidegorriko lanetan inbertitutako 1.800.000 euroetatik 392.000 euro obra hidraulikora bideratu dira.