2015 05 12 ekobiraEkoizle ekologikoak, eskulangileak, material birziklatuekin lan egiten dutenak eta mugikortasun elektrikoaren sektoreak parte hartuko dute

Kutxa Ekoguneak datorren larunbatean, hilak 16, EkoBira azoka antolatu du Ordizian. EkoBira Ordiziako Plaza Nagusian izango da goizez (10:30-14:30) eta arratsaldez (17:30-20:00). Ekoizle ekologikoak, eskulangileak, material birziklatuekin lan egiten dutenak eta mugikortasun elektrikoaren sektoreak parte hartuko dute. Haurrentzako bi tailer ere egingo dira. Larunbateko azokaren osagarri, ostegunean, hilak 14, Basherri taldeei buruzko hitzaldi bat egingo da Barrenan, 18:30ean.

2011n EkoBiraren lehenengo edizioa martxan jarri zenetik, azoka ibiltari honek 21 udalerri ezberdinetan ikusgai jarri du bizimodu jasangarria egiteko aukera anitzak badaudela, bai elikadura alorrean eta baita energia-kontsumoan, aisialdian eta beste hainbat arlotan ere. Modu honetan, EkoBirak ingurumenean eragin edo inpaktu txikiagoa duten produktu eta zerbitzu ekologikoak kontsumitzeko aukerak herritarren eskura jartzen ditu.

Honez gain, haurrentzako bi tailer prestatu ditugu. Goizean (10:30-14:30) txori janlekuak egin ahal izango dituzte eta arratsaldean (17:30-20:00) galtzerdi txotxongiloak. Ordiziako EkoBiran parte hartuko duten hornitzaileek alor desberdinetako produktuak eskainiko dituzte: nekazaritza ekologikoa, artisautza, ekoetxea, berrerabilpena, murrizketa, etab.

Ostegunean Basherri taldeei buruzko hitzaldia
Larunbateko azokaren osagarri, ostegunean, hilak 14, Basherri taldeei buruzko hitzaldi bat egingo da Ordiziako Barrena kultur etxean, 18:30ean. Basherri taldeak, modu ekologikoan ekoitzitako nekazal produktu jakin batzuk gertuko baserritar bati zuzenean erosteko osatutako taldeak dira, salmenta zuzena oinarritzat hartuta elkarlana adosten dutenak. Baserritarrak astero bere produktuekin osatutako otar bat prestatzen dio kontsumitzaile bakoitzari, eta hauetako bakoitzak hilean behin kuota bat ordaintzen dio baserritarrari. Hitzaldi hau Ordiziako Udaleko Agenda 21 delegazioak antolatu du.

Jarraian Ordiziako EkoBiran topatu ahal izango diren ekoizle eta hornitzaileak:

• NEKAZARITZA EKOLOGIKOA ETA PRODUKTU EKOLOGIKOAK:
o Goierriko baratza → Produktu ekologikoak
o ZerB garagardoa → Garagardo artisaua
o Goieko haragia → Goierriko haragi ekologikoa
o Momotegi→Ahatekiak

• BERTAKO PRODUKTUAK:
o Txirbila →Pasta ekologikoa
o Iztueta →Esnekiak
o Itxoste →Etxeko mermelada eta fruitu pureak

• EKOETXEA:
o Ekinazea→ Olio eta xaboi ekologikoak.
o Potingues verdes vivos→ kosmetika naturala
o Aitor Bastarrika →Bufandak, galtzerdiak...
o Izko ileapaindegia → Ileapaindegi ekologikoa

• BERRERABILPENA:
o Berriz Berri →Haurrentzako artikulu erdiberrien salerosketa

• 2.ESKUA:
o Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkartea → Bigarren eskuko produktuak

• ENERGIA:
o Barandiaran materialak→Energia berriztagarriak

• MUGIKORTASUNA:
o Eusko Car Sharing→ Ibilgailu kolektiboa
o EVE → → Ibilgailu elektrikoak

• ARTISAUTZA:
o Kumea → Artisautza eta berrerabilpena
o Los broches de Rosa → Brotxeak
o La sombrera loca → Txapelak

• TURISMO AKTIBOA ETA INGURUMENA:
o Debanatura→Ingurumen heziketa eta jasangarritasuna