IKASLEEN KEZKEI ERANTZUN DIE UDALAK AGENDA21eko AUDIENTZIAN
Aurten landu duten gaia 'Elikadura jasangarria' da
Ordiziako Jakintza, Oianguren eta Urdaneta ikastetxeetako ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitateak ingurugiro arazoez kezkaturik, Eskola Agenda 21 programaren bidez urtero-urtero lan egiten dute inguruan antzematen dituzten arazoei aurre egiteko.
Zortzigarren ikasturte honetan, erronka berri baten aurrean aurkitu dira, elikadura jasangarriaren inguruan. Gizartean pil-pilean dagoen gai garrantzitsua da: elikagaien jatorria, elikadura eta bertako produktuen garrantzia, elikadura eta hondakinak, elikadura eta osasuna, elikadura eta gosea, etab.
Hala, ikasleek herriko diagnostikoa gauzatzeko hainbat bisitak eta irteerak egin dituzte herriko azpiegitura eta dendetara; baita inkestak egin, udalerriko eta eskualdeko datuak jaso eta informazio ezberdinak ere aztertu dituzte azken asteetan. Ondoren, ikasleek ikasgeletan proposatutako konpromiso eta Udalari egiteko proposamenak ikastetxeko Ingurumen Batzordean adostu dituzte.
Elikadura ohiturak, garai bateko eta gaur egungo dieta, erosketa eta gehiegikeriak, landareak, erleak eta polinizazioa… gai hauek denak aztertu, ondorioak atera eta hainbat konpromiso plazaratu dituzte ikasleek. Eta Udaletxera ekarri dituzte alkatearen eta Ingurumen zinegotziaren aurrean izandako audientzian ezagutzera emateko. Udalari euren kezka eta proposamen batzuk luzatzeko izan duten aukera aprobetxatu dute, Udalaren erantzuna jasoz.
Hauexek KONPROMISOAK
1. Astean behin hamaiketako orduan bertako eta garaiko fruta dastamena egiten jarraitzea.
2. Hamaiketakoan berrerabiltzen diren bildukinak ekartzea.
3. Eskolako baratzean gaur egun gutxiago kontsumitzen diren hainbat barazki (babak) ereitea.
4. Baben uzta jaso ondoren dastatze saio bat antolatzea.
5. Litxarreriaren kontsumoa murrizten saiatzea, bertako eta garaiko frutaz ordezkatuz.
6. Litxarreriak kontsumitzean etiketetan erreparatzea.
7. Janaria sobratzen bada gorde eta hurrengo egunerako uztea.
8. Behar den janaria erostea, eta ez gehiago.
9. Platerean janari gutxi hartu eta gehiago nahi bada berriro hartzea.
10. Organikoa baserrira eraman edo konposta egiteko informazioa eskuratzea.
11. Eskolako baratzean edo inguruan erleentzako landare ezberdinak jartzea.
12. Erleak ez hiltzea.
13. Erle asiatikoa ikustean, 112ra abisatzea.
14. Erle asiatikoaren inguruan informazioa jasotzea.
15. Eskolako baratzean hazi naturalak erabiltzea eta landareak ere.
16. Hazi naturalak eta landare naturaletik datozen janariak kontsumitzea.