PLAZA NAGUSIAK GOIERRIKO ENERGIA AZOKA HARTUKO DU LARUNBAT HONETAN BERTAN
Ordiziako Energia Iraunkorrerako ekintza-plana eta kaleko argiteriaren auditoria energetikoa ere landu ditu Udalak
Ordiziako plaza Nagusian Energia Azoka egingo da larunbat honetan. Ekimena Goieki agentzia bidez egiten ari den Goierriko energia planaren baitan kokatu behar da. Horrela azaldu dute Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak, Jose Ignacio Asensio Ingurumen foru-diputatuak, Goiekiko Olaya Mendoza Ingurumen gaietako arduradunak eta Isidro Zaldua Usurbilgo lanbide eskolako Patxi zuzendariak. Honekin batera, Joseba Aranburu zinegotziak Ordiziako Energia Planaren lerro nagusien berri eman du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidrauliko Sailak, Usurbilgo Lanbide Eskolak eta Zubigune Fundazioak 2015 urtetik akordio bat dute energia eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera ardatz izanik, hauen inguruko sentsibilizazio, informazio eta prestakuntza ekintza ezberdinak antolatuz, talde hartzailearen arabera.
Hiru ekintza mota nagusi antolatzen dira:
1) Prestakuntza saioak: Gipuzkoako udaletako langileei eta Foru Aldundiko langileei zuzenduriko prestakuntza saio teknikoak, euren eguneroko lanean energia berriztagarrien eta eraginkortasunaren inguruko jakintzak txertatu ahal izateko.
2) Jardunaldi Teknikoak: gizartearentzat, ikasleentzat eta bereziki inguruko enpresentzat interesagarriak izan daitezkeen azken tendentziak lantzen dira: araudiak, teknologia berriak, etab.
3) Energia Azokak: herritar guztiei zabaldutako ekimenak dira. Helburua jendeak energia iturri berri eta garbiak eta kontsumo eraginkorreko teknologiak ezagutzea da, honela euren erabilera sustatuz.
Plazan 10:30etik 14:30era:
Azken ekimen mota hau izango da larunbatean Ordiziako plazan goizeko 10:30etik 14:30era. Bertan, stand eta informazio panelak izango dira ikusgai: biomasa galdara, eguzki energia instalakuntza ezberdinak, aerotermia instalakuntza, tenperatura baxuko berogailuak, LED argiteria, eraikuntzetarako isolamendu material eta bukaera ezberdinak.
Informazioa lantzen lagungarri dira Usurbilgo lanbide eskola; Gipuzkoako Arkitekto eskolako Sostengarritasun saila; Argitu programako arduraduna, argindar kontsumoaren murrizketa nola lortu azaltzeko era erraz eta soil batean; eta baita Goiener kooperatibako ordezkariak ere, faktura elektrikoa ulertu eta bazkide egiteko aukera zabalduaz.
Goierritar guztiak gonbidatu nahi dira azokara, euren zalantzak argitzera edota kuriositatea asetzera. Bi bisita gidatu egingo dira, 12:00etan eta 13:00etan hasiko direnak biomasa galdara alboan. Bisita hauetan, stand guztiak bisitatu, azalpen orokorrak eman eta galderak erantzungo dira.
Ordiziako ekintza plana prest
2017an Ordiziako Energia Iraunkorrerako ekintza-plana eta Ordiziako kaleko argiteriaren auditoria energetikoa landu ditu Udalak.
‘Aldaketa klimatikoaren aurrean Europar Batasunak udalerriak nabarmentzen ditu aktore nagusi bezala eta Ordiziako Udalean aldaketa klimatikoari aurre egiteko ekimenak lantzen ari gara; isurpenak gutxitzeko, bizi kalitatea hobetzeko eta udalerriko hainbat sektoreei arazoaz kontzientziatzeko helburuarekin. 2020. urterako udalerriko CO2 isurketak gutxienez %20 batetan gutxitu behar edo nahi dira’, esan du Joseba Aranburu zinegotziak.
Era berean, Planaren helburu nagusia, 2025 urterako energiaren kontsumoa %25 gutxitzea da. Honetarako, ekintza planean gai hauek landu dira:
· Isurpenen inbentarioa: 2011- 2015 urte bitarteko berotegi efektuko gasen isurpen iturriak eta kontsumoak identifikatu dira. Isurpenen ebaluazioa bi esparrutan landu da: Ordizia udalerrikoa eta Ordiziako Udalekoa.
· Diagnostiko energetikoa: Berotegi efektuko gasen isurpen altuak eta energia kontsumo handiak dituzten sektore nagusiak identifikatu dira eta hauek murrizteko hartu beharreko esparru nagusiak bistaratu dira.
· Ekintza-plana: Berotegi efektuko gasak gutxitzeko helburuarekin ekintzak zehaztu dira.
· Jarraipena: Adierazle ezberdinen kalkuluaren bidez ekintza-planaren betetze maila ebaluatuko da.
· Parte-hartzea: Prozesu demokratikoa eta gardena izateko parte-hartze ibilbide bat egon da.
· Komunikazioa: Plana zabaltzeko hainbat ekintza definituta daude.
Azkenik, Ordiziako kaleko argiteriaren 30 kuadro elektriko aztertu dira, 1.467 argi puntu guztira. Helburuak, Ordiziako kaleetako argiteriaren azterketa egitea; kaleak zein egoeratan dauden ikustea, argi gehiegiekin edo gutxiegiekin, arrisku eremuak dauden eta argia kale guztian uniformea den aztertzea izan da, zinegotziaren esanetan.
‘Auditori honekin, kuadro bakoitza zein egoeran dagoen ikusten da eta bakoitzari ezarritako hobekuntzak zehazten dira. Honekin, kaleko argiteria optimizatzea lortuko dugu, efizientzia energetiko handiagoa lortuz eta ondorioz, aurrezpen ekonomikoa ere lortuz’, amaitu du.