TREN GELTOKIKO IRISGARRITASUNA HOBETZEKO LANAK OTSAILEAN HASTEA AURREIKUSTEN DA
Udalak proiektua hobetu du azpiko pasabidea aprobetxatuz San Bartolome eta herrigunea ere lotzeko
Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkatea gustura agertu da udalerriaren diseinu estrategikorako lortutako aurrerapausoa dela-eta: tren geltokiaren irisgarritasuna zuzenduko duen proiektua, hain zuzen. Geltokiko nasak altxatuko dira eta hauek gurutzatzeko azpiko pasabidea eta irisgarritasun azpiegiturak egingo dira. Gainera, Udalak geltokiko azpiko pasabidearen bidez San Bartolome auzoa eta Joseba Rezola ere lotuko ditu.
Adifek, estatuko trenbide azpiegiturak kudeatzen dituen erakunde publikoak, obra burutuko du. Tren geltokiko irisgarritasun beharrak aseko ditu, geltokiak erdigune aldetik duen sarreran eta baita San Bartolome auzotik ere. Erakundeak eta Ordiziako Udalak proiektuaren exekuziorako hitzarmena sinatuko dute laster. ‘Prozesua luzea izan da eta luzatuko da oraindik, aurreikuspenen arabera 2018ko otsailean hasita, obra amaitzerako 2019. urtea iritsiko baita. Baina epe ertainean egina ikusiko dugu eta Ordiziari bultzada berria emango dio’, esan du alkateak prentsaren aurrean.
Akordioaren arabera, estatuak 4,6 milioi jarriko ditu lan hauek egiteko: nasen arteko irisgarritasun proiektua, azpiko pasabidea, bi igogailu eta bi eskailera eta hauek egiteko behar den obra. Geltokiko alde bakoitzean igogailu bat eta eskailera bat eraikiko dira.
Azpiko pasabidea San Bartolomeko aparkalekutik
Udalari dagokionez, geltoki azpitik igaroko den pasabidearen obra aprobetxatuz, 155.000 euroko inbertsioa egingo du proiektuari hobekuntza bat eransteko. Horretarako igogailu bat eta eskailera eraikiko ditu Joseba Rezola pasealekuan San Bartolome auzoarekin lotura hobetzeko. Hala, San Bartolomeko auzoa eta tren geltokia eta Ordizia bera hobeto komunikatuko dituen proiektu hau lortzeko Udalak egindako kudeaketak fruitua eman duela azpimarratu du alkateak.
Hobekuntza honi tokia egiteko, Adifek azpiko pasabidea zabalduko du eta pasabidean bertan bi gune bereiziko ditu itxitura baten bidez: alde bat geltokiko erabileentzat izango da, dagokion kontrolarekin, eta, beste aldea, auzoa eta erdigunea lotuko duena izango da. Aparkalekua hasten den tokitik abiatuko da pasabidea. Udalak Joseba Rezolan jarriko ditu igogailua eta eskailera. Proiektua udal Irisgarritasun planaren eskaerara egokitu da eta aparkalekuaren eta garraio publikoaren erabilera bultzatuko dira.
Auzoan trafikoa berrantolatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz egiten hasi den obrak eta ADIFek eta Udalak berak egingo duenak batuta, hobekuntza nabarmena eragingo dute San Bartolomeko aparkalekuaren erabilera bultzatzeko eta trenaren erabiltzaileak erosoago iristeko. Beste herri batzuetatik datozenentzat sarbide erosoagoa izango da, erdigunera oinez iristeko eta aparkalekuan autoa utzi eta trena hartzeko.
Santamariaren esanetan, diseinuak irisgarritasun beharrak asetzeaz gain ‘bizitzeko eta joan-etorrirako Ordizia seguruagoa eta atseginagoa egingo du. Ordiziarrentzat ere aukera berriak sortzeko aukera emango du’.
Proiektuak geltokiaren diseinu berria landu du San Bartolometik ikusita, inguruaren irudia eta N-1 errepidetik udalerriaren itxura hobetuz.
*Argazkian, alkatea tren geltoki parean esku artean San Bartolometik geltokiak berak izango duen itxuraren muntaia duela.